Eskualdean ehunka pertsona kalean bizitzera behartuta daudela salatu dute Uribekostako Etxebizitza Sindikatuak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboak

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 29a

Uribekostako Etxebizitza Sindikatuak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek neguko material bilketa antolatu zuten eskualdeko egoera larria azaleratzeko. Ekimen honen bidez, ehunka pertsona kalean bizitzera behartuta daudela eta bitarteen erakundeen aldetik jasotzen duten laguntza oso eskasa dela salatu zuten.

Antolatzaileen datuen arabera, Uribe Kostan 130 pertsona baino gehiago daude kale gorrian. Egoera honi aurre egiteko dauden baliabide instituzionalak oso mugatuak direla kritikatu dute. Eskualdeko aterpetxe publiko bakarrak 8 plaza besterik ez ditu eta tenperatura oso baxuak direnean soilik irekitzen dute.

Etxebizitza falta ez da pertsona hauek duten arazo bakarra, poliziaren jazarpena ere jasaten dutela salatu dute ekimenaren antolatzaileek. Salaketaren arabera, "agenteen intimidazioek eta mehatxuek etengabe birkokatzera behartzen dituzte".

Horrez gain, poliziak pertsona horien oinarrizko material urria apurtzen dituela salatu dute. "Presio eta jazarpen horrek gure herri eta auzoetan ugaritzen ari diren diskurtso arrazista eta xenofoboei bidea errazten die", ohartarazi dute taldeek. Azkenik, eskualdean dagoen baliabide falta eta pertsona hauek pairatzen duten utzikeria onartezinak direla berretsi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun