Errege Magoak Uribe Kostara iritsi dira!

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 5a

Errege Magoak Getxon, artxiboko irudian.

Urtero bezala, Errege Magoen etorrerak eskualdea magiaz blaituko du; hona hemen herriz herri izango diren hitzordu guztiak!

Getxon, Kabalgata bi desfiletan banatuko da aurten. Lehenengoak 17:30ean izango du irteera Andra Mariko kiroldegitik, eta Andra Mari eta Algorta zeharkatuko ditu, Maidagan, Ángel etorbidea, Telletxe, María Andresena eta Algortako Casinoa igaroz. Bigarren desfilea 19:30ean hasiko da Areeta-Romon, eta Zugazarte, Areetako etorbidea, Kale Nagusia, Ezequiel Agirre, Kresaltzu, Monte Gorbea eta Gobelaurre zeharkatuko ditu, Romoko eskolaren parean amaitzeko.

Ibilbide bakoitza amaitzean, Errege Magoek haurrei harrera egingo diete Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean.

Erandion, hitzordua 18:00etan izango da Altzaga zein Astrabudua auzoetan. Ekitaldia antolatu duten Gizarte Unamaz Alkartuak eta Jado Ikastetxeko Kabalgata Elkarteak egitarau zabala prestatu dute; hau da, desfileaz batera, txokolatada, photocalla eta kontzertua ere izango dira.

Leioan, ordea,  aurten ez da Erregeen desfilearik egingo, baina Errege Magoek aurrez aurreko harrera egingo diete haurrei Kultur Leioako Erakusketa Aretoan, 11:30etik 14:00etara.

Sopelan, azkenik, Ekialdeko Errege Magoak 18:00etan irtengo dira Larrabasterratik, eta harrera Udaletxeko plazan egingo da.

Ez galdu Errege Magoak ikusteko aukera, Gabonak amaitzear daudela eta!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun