Egiaz, gure eskualdeko ubarroiak Phalacrocoracidae familiako bi espezietakoak dira; ubarroi handi (Phalacrocorax carbo) eta ubarroi mottodun (Gulosus aristotelis) izenekoak hain zuzen ere. Lehen inpresioan berdinak iruditu arren, ezaugarri anatomiko ezberdinak dituzte. Bada, izenak iradokitzen duen moduan, ubarroi handia bestea baino nabarmen handiagoa da, eta araldian orban zuri deigarriak izaten ditu. Bestetik, ubarroi mottoduna txikerragoa da eta ugal-sasoian buruko motots deigarria harrotzen du, bere izen arruntari omen eginez. Bi espezieetako gazteek, ostera, kolore apalagoak izaten dituzte helduen beltz distiratsuaren ordez.

Ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) Luzera: 80-100 cm. Hego-zabalera: 130-160 cm. Habitata: kostaldea, ibaiak eta urtegiak. Uribe Kostan: gehien bat negutarra.
Ubarroiak ohikoak dira kostaldean, ibaietan zein urtegietan; hau da, ur gazi zein gezetan aurkitu ditzakegu, oro har. Izan ere, habitat urtarretan lortzen dute gustukoen duten elikagaia: arraina. Bi espezieak urpeko arrantzale hertsiak direnez gero, beraien erronka ebolutibo nagusietakoa flotagarritasunaren aurka egitea izan da ur azpian eroso igeri egin ahal izateko. Horra hor ubarroien ezaugarri bereizgarrietako bat bestelako hegazti urtarren aurrean: beraien lumajea iragazkorra da eta guztiz bustitzen da. Horregatik, arrantza ostean blai eginda irteten da uretatik, eta atseden hartu behar du hegoak zabal-zabalik dituelarik, lumak egokiro lehortzeko. Abantaila horren ordainetan, ubarroiak ez dira hegalari finenak ezta dotoreenak.
Uribe Kostako bi ubarroi espezieek antzeko itxura eta elikadura-estrategia izan arren, oso bizimodu ezberdinak dituzte. Alde batetik, ubarroi handia espezie migratzailea da eta, hein handian, negu partean etortzen da gurera Europako beste txoko batzuetatik. Ugaltzeko, ordea, beste eskualde batzuetara alde egiten du. Edonola ere, ondo moldatzen da ingurune anitzetan, eta itsasaldeko portuez gain, ibaiak eta urtegiak gustuko ditu ere. Bestetik, ubarroi mottoduna kostaldeko espezie ugaltzailea da eta urte osoan zehar ikus dezakegu antzeko presentziarekin. Gainera, kolonia izeneko taldeetan batzen da gure itsaslabarretako zulo eta arrakaletan umatzeko, beti ere lasaiak diren eta olatu-kolpeen eraginetik salbu dauden tokietan. Ubarroi mottodunen ugal-sasoia neguan hasten da, bikoteak habia kokatzeko leku aproposa aurkitu orduko, algak zein bestelako material begetalak erabiliz eraikitzen dutena.

Ubarroi mottoduna (Gulosus aristotelis) Luzera: 65-80 cm. Hego-zabalera: 90-105 cm. Habitata: kostaldea batez ere. Uribe Kostan: ugaltzailea.
Bi ubarroi espezieen bizimodua hobeto ezagutzeko asmoz, eraztuntze zientifiko programak martxan jarri dira geure kostaldean. Biologian oinarrizkoa den teknika honen bitartez, bereziki prestatutako ikerlariek eraztun formako «nortasun-agiria» ipintzen diete hegaztiei hankan. Horri esker, banako-mailako jarraipen zuzena egitea ahalbidetzen da, baita urrunetik ere. Beste hitz batzuetan, eraztunketak posiblea egiten du hegaztiaren sorterria, adina eta mugimenduak ezagutzea, oinarrizkoa dena beraien biologia ezagutzeko eta populazioak kontserbatzeko.
Beraz, aitzakia ona dugu Uribe Kostan zeharreko irteeretan erne ibiltzeko, eta pertsona gehienentzat oharkabean pasatzen diren hegazti interesgarri hauei so egiteko. Ubarroiak ez dira animalia bereziki beldurti edo lotsatiak eta gugandik hurbil ikusi ditzakegu; dena dela, ezin dugu inoiz ere ahaztu beraien inguruan lasaitasuna bermatzea funtsezkoa dela, bereziki garai eta toki sentikorretan.