Gaueko ordu txikietan, etxeko isil- tasunean, gazte askok ez diote la- gun bati idazten, ezta familiako kideren bati deitzen ere. Ez dago bulegorik, ez aurrez aurreko elkarrizketarik, ezta ordainketarik ere. Badago, ordea, erantzunak jasotzeko gogoa. Pantaila piztu eta idazten hasten dira: "Normala da hau sentitzen dudana?". Bestaldean, ez dago pertsonarik, baina bai erantzun bat. Azkarra, lasaigarria, ulerkorra. Horixe da ChatGPTk gazte askorentzat hartu duen lekua: psikologo isilarena.
Azken urteotan, gazteen artean osasun mentalari buruzko kezka nabarmen hazi da, eta aldi berean, baliabide publikoen eskasia gero eta agerikoagoa da. Testuinguru horretan, adimen artifiziala ez da soilik tresna teknologiko bat bihurtu, baizik eta hutsune emozional baten erantzun azkarra.
Fenomenoa ez da kasualitatea. Adimen artifiziala (AA) gero eta presenteago dago gazteen egunerokoan, eta ikasketa- edo lan-eremutik harago, sarriago erabiltzen da emozioak kudeatzeko saiakera gisa. Nahia Idoia- ga psikologoak azaldu duenez, joera horren atzean ez dago soilik modaren faktorea: "Gazteak kontziente dira euren osasun emozionalarekin arazoak, gatazkak edo premiak dituztela, eta horiek kudeatzeko laguntza behar dutela". Kontzientzia hori, psikologoaren ustez, albiste ona da. Arazoa beste nonbait dago.
Premia bai, erantzunik ez
Idoiagaren berbetan, gaur egungo gizarteak ez ditu gazteak arlo honetan entzuten. Aurreko belaunaldia- kaz alderatuta, gaur egungo gazteek hitzak dituzte sentitzen dutena izendatzeko, eta laguntza eskatzeko lotsa gutxiago. "Hori ez da beti horrela izan; aurreko belaunaldiei kosta- tu egin zaie kontzientzia hartzea", azaldu du. Arazoa da kontzientzia horri ez zaiola baliabide nahikorik gehitu.
Osasun publikoan psikologia-zerbitzuak eskasak dira, itxaron-zerrendak luzeak, eta arreta pertsonalizatua, ia ezinezkoa. "Laguntza psikologikoa ez dago modu zabal eta errazean eskuragarri: ratioak txarrak dira, eta artatzen diren pertsonen kopuruak handiak", dio Idoiagak. Horren aurrean, askok ezin dute arreta pribatua ordaindu, eta hutsune horretan agertzen da adimen artifiziala.
ChatGPTk ez du itxaron-zerrendarik, ez du ordutegirik, eta ez du dirurik eskatzen. Entzun egiten du, edo hala dirudi, eta beti dago eskuragarri. "Gazteek aurkitu dutena da euren premiei nolabait erantzuten dien tresna bat", azaldu du psikologoak. Baina erantzun hori ez da neutroa, ezta beti osasungarria ere.
"Gazteak kontziente dira euren osasun emozionalarekin arazoak, gatazkak edo premiak dituztela, eta horiek kudeatzeko laguntza behar dutela"
Tresna berri hori ez da profesional bat, askok kontrakoa uste duten arren. Galderak erantzuten ditu, tonu lasaiagaz, epairik gabe, eta beti prest. Horrek antzekotasun faltsu bat sor dezake. "Nolabait, psikologo baten lana egiten ari dela ematen du askotan", dio adituak; alabaina, berehala ohartarazten du: "Baina hori ez da psikologo baten lana".
Funtsezko desberdintasuna dago; izan ere, AAk ez du kontrastatzen, ez du zalantzan jartzen, eta ez du prozesu terapeutikorik egiten. "Guk ematen dugun informazioan oinarritzen da, eta horren arabera erantzuten digu", azaldu du. Horrek esan gura du, gazteak berak markatzen duela erantzunaren norabidea.
Neurriko erantzunak
AAren funtzionamendua ulertzea funtsezkoa da. Idoiagak ohartarazi duenez, ChatGPTk ez du errealitatea ondo aztertzen: "Galderak erantzuten ditu, baina erantzunak algoritmo batek sortzen ditu, guk emandako informazioan oinarrituta".
Horixe da psikologoaren kezka nagusietako bat. Gazte batek bere egoera azaldu eta tresnak ahalik eta erantzun "egokiena" ematen saiatzen da, baina beti pertsona horren kontakizunaren barruan. "Sarritan, guk entzun nahi dugun horretara bideratzen ditu erantzunak", dio psikologoak. Eta horrek konfiantza faltsu bat sor dezake, baina ez du arazoaren muina lantzen. Are gehiago, egoera batzuk larriagotu ere egin ditzake.
"Askoz erosoagoa da aurre egingo ez zaituen zerbaitekin hitz egitea", azaldu du. Psikologo batek, lagun batek edo senide batek beste ikuspegi bat eskaini dezake; adimen artifizialak, ordea, askotan, arrazoia ematen dizu. "Ideia paranoide batekin zerbait galdetzen badiozu, algoritmoak baietz erantzun diezazuke", azaldu du Idoiagak. Eta horrek, kasu jakin batzuetan, paranoia edo depresioa indartzeko arriskua dakar. "Ikuspegi errealista ez denean, errealtzat hartzen duzu, eta aurrean "pertsona" bat balego bezala jasotzen duzu erantzuna"; hau da, "errealitatea desitxuratzeko arriskua" handitzen da.
"ChatGPTk erantzunak eman ditzake, baina ez du ardurarik hartzen. Ez du isiltasunaren pisua sentitzen, ezta beste pertsona baten begiradak dakarren erantzukizuna ere. Eta hor dago benetako aldea"
Horregatik, psikologoak dio: ChatGPTk ez du psikolo bat ordezkatzen, eta ez luke ordezkatu behar ere. "Unean hobeto sentiaraz dezake, baina ez du arazoaren erroa lantzen".
Intimitate digitala
Sare sozialen edo bideo-plataformen mendekotasunagaz alderatuta, adimen artifizialak bestelako dimentsio bat du. Eta hori da bere indargunerik handiena eta arriskurik handiena aldi berean. "Elkarrizketa intimo baten itxura hartzen du". Harremana estua da, pertsonalagoa, gazteengan lotura emozional bat sortzen duena. Lehen, estutasuna sentitzen zenean, norbaitegaz hitz egiteko beharra sortzen zen. Orain, askotan, lehen pausoa pantailara jotzea da. "Arrisku nagusietako bat da beste pertsonekin ez kontrastatzea, pentsatuta adimen artifizialarekin partekatzea nahikoa dela", ohartarazi du adituak. Alegia, joera horretan jausi egiten dutenek gatazkak kudeatzeko gaitasuna galtzen dute, baina frustrazioa lantzekoa ere.
Zer ez dugu ahaztu behar?
"Gizartean bizi gara,pertsonekin bizi gara. Hori landu behar dugu: barne-hausnarketa egin daiteke, galderak egin ahal dizkiogu, baina gero beste pertsona batzuekin kontrastatu behar da, beti. Hori egiteko nahia eta gogoa zaindu behar dugu".
Ondorioz, gaztea bera jartzen da erdigunean, eta bestea bazterrean. "Prozesu terapeutiko batean, aldiz, kontrapuntuak funtsezkoak dira", psikologoaren arabera.
Ardura kolektiboa
Idoiagaren mezua ez da teknofoboa, ezta dramatikoa ere. Onartzen du adimen artifiziala gure egunerokotasunaren parte dela, eta izango dela. Baina gakoa beste nonbait dago: "Arazo soziala da".
Gurasoek, eskoletako komunitateak eta erakundeek ardura partekatua dute. Kontzientzia hartzea lehen pausoa da, baina ez nahikoa. "Maila guztietan jarduera-planak behar dira, gomendioetatik harago", azpimarratu du. Eskoletan, erakundeetan eta politika publikoetan osasun mentala eta pantailekiko harremana lantzea ezinbestekoa da: "Gizarte-sistemak ere esku hartu behar du".
Bitartean, gazte askok jarraituko dute gauerdian pantaila pizten, galderak idazten eta erantzun baten zain geratzen. Gizarteak erantzun hori nola osatu gura duen da gakoa.