Berdintasuna diskurtso hutsetik eguneroko kudeaketaren erdigunera eramatea da asmoa, eta horretarako, planak konpromiso zehatzak jasotzen ditu: aurrekontu propioa, zerbitzu publiko indartua eta berdintasuna udal-kudeaketa osoan zehar txertatzeko borondatea. Besteak beste, Mankomunitateak bere aurrekontuaren %1a, gutxienez, berdintasun politiketara bideratuko du, eta kopuru hori pixkanaka handitzea aurreikusten du.
Dokumentuak begirada berriak ere ekarriko ditu. Izan ere, lehen aldiz, ikuspegi intersekzionala izango da lan-ardatzetako bat, eta arreta berezia jarriko da emakume migratuen, arrazializatuen, ijito-komunitatekoen zein LGTBIQ+ pertsonen errealitateetan. Berdintasuna, gainera, ez da sail bakar baten ardura izango; hau da, udal arlo guztien egitekoa bihurtuko da.
200 lagun baino gehiagok eta dozenaka udal-langilek hartu dute parte sortze-prozesuan, mugimendu feministaren eta emakume-elkarteen eskutik. Parte-hartze horretatik lau ardatz nagusi sortu dira: administrazioaren barruko eraldaketa, emakumeen ahalduntzea, gizarte-antolaketa jasangarri zein bidezkoa, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak.
Besteak beste, Lilagune ahalduntze eskola indartuko da, Uribe Kostako Emakumeen Etxea sortzeko partaidetza-prozesua abiatuko da, ekofeminismoan oinarritutako prestakuntzak eskainiko dira, eta indarkeria matxistaren aurkako erantzun publiko integrala sendotuko da, "Jaietarako Prest!" kanpaina eta memoria-gune baten sorreragaz.