Sakonean

Inauteriak ate joka

Juan Luis Mugertza 2026ko otsailaren 6a

Neguaren azken hatsagaz batera, mozorroak, joareak eta sua berpizten dira Euskal Herriko herri eta auzoetan: inauteriak ate joka dira, eta tradizio zaharrek, pertsonaia bitxiek eta herri-irudimenak berriro hartuko dituzte kaleak.

Gurean, inauteri, ihauteri, inaute, ihaute, haratuste...hitzak erabili ohi ditugu. Gurean, euskal tradizioak eta ama-lurrak bat eginda, Zubieta-Ituren, Lantz, Zalduondo, Unanu...bezalako herri txikietan inauteriak bizirik daude. Gurean, Uribe Kostan, Leioakoak, Itzubaltzeta/Romokoak... izango dira lehenak mozorroak janzten, eta Algortakoak, urtero bezala, azkenak mozorroak erazten. Herri asko, ohitura desberdinak, baina helburu bakarra neguaren bukaera aldera jendeak mozorroturik ospatzen dituen jaietan ondo pasatzea. Jaiak, leku gehienetan, igandean, astelehenean eta asteartean izaten dira, eta inauterien ostean, asteazkenean, Errauts eguna dugu, garizumaren hasieran.

Joareen burrunba


Hartza eta joaldunak Iturenetik Zubietara joaten.

Egutegiari erreparatuz gero, Zubietakoak dira egiten diren lehen inauteriak. Hauek urtarrileko azken igandearen osteko astelehenean eta asteartean izaten dira. Inauteri hauetan pertsonaia askok protagonismo handia izaten badute ere (hartzak, nekazariak, ahariak...), zalantzarik gabe joaldunak dira ikusgarrienak. Joaldunek oso ibilkera berezia dute. Salto txikiak egin ohi dituzte, eta gerriari eraginda, zintzarriek zarata handia egiten dute. Binaka joaten dira eta ilara luzeak egiten dituzte. Bi herrien arteko tartea joaldunek zeharkatzean egiten duten burrunbek espiritu gaiztoak uxatzen dituzte eta lurreko indarrak esnatu, udaberriari dei egiteko. Ez omen dago jakiterik Ituren eta Zubietako joaldunen segizioa noiztik ospatzen den. Halarik ere, frankismoaren garaian izandako urte batzuetako etenaldi baten ostean, 1950eko hamarraldian hasi ziren berriz ere egiten. Astelehenean Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatu ohi dira hango joaldunekin elkartzeko. Asteartean, aldiz, Iturengoak Zubietarantz. Janzkera desberdina dute: Iturengoek ardi larru doblea, eta zapi gorria lepoaren bueltan; Zubietakoek ardi larru bakarra, eta zapi urdina.

Mamoxorroak eta muttuak

Unanuko herriko pertsonaiak dira. Gizonez jantzitako mamoxorroek alkandora eta galtza zuriak jazten dituzte. Buruan koloreetako zapia eta gerrian gerriko gorria edo beltza eta zintzarri zaratatsuak daramatzate. Aurpegian «kattola» edo metalezko maskara beldurgarria dute. Koloreetako xingolaz ere apaintzen dute beraien burua, eta kalez kale eta etxez etxe ibili ohi dira eskuan daramaten zumezko makilaz umeak eta nagusiak zirikatzen. Muttuak emakumez jantzitako pertsonaiak dira; hauek ere makila erabiltzen dute, baina beraien koloreak biziak dira. Jantzitako gizonezkoek ez bezala, ez dute joarerik izaten. Herrikoek beraien etxeetara joatean, arrautzak eta pernila oparitzen dizkiete, bakean uzteko eta ez jotzeko. Gauean, tabernan edo elkarte batean afaldu egiten dute.

Zalduondoko inauteriak


Markitos, Zalduondoko inauterietako protagonista nagusia.

Markitos da protagonistarik handiena, baina berarekin batera errauts banatzaileak, kale garbitzaileak, musikariak, mozorrotutako agure bikoteak (Markitosen gurasoak), hartzak, ardiak eta bi borrerok ere parte hartu ohi dute, gazte batzuekin batera, kantuz. Markitos Zalduondon bizi den lapurra da. Beltzez jantzita egoten da, eta  lepoan koloreetako arrautzez egindako lepokoa darama. Zalduondoko bizilagunek herrian gertatzen diren gauza guztien errua leporatzen diote. Goizean goiz Markitos harrapatu, eta asto baten gainean eramaten dute herritik zehar. Gero, enbor baten puntan lotu, eta enparantzaren erdian uzten dute zintzilik, herriko jendea bazkaltzera joan bitartean. Arratsaldean, gurdian, Markitosekin batera predikaria joaten da, eta honek haren aurkako erretolika egiten du. Bukatutakoan, Markitos lurrean utzi eta erre egiten dute, eta herriko jendeak dantza egiten du suaren inguruan.

Lantzeko inauteriak

Egutegiari erreparatuz gero, Lantzekoak dira ospatzen diren azken inauteriak, eta hausterre-egunaren aurreko egunetan egiten dira. Pertsonaiarik esanguratsuena Miel Otxin da, lastoz egindako erraldoia, eta kolore gorriz dago apainduta. Ziripot dugu herriko gizon potoloa eta traketsa. Makil batez lagunduta ibiltzen da; hau ere lastoz eginda dago, eta saku batez mozorrotuta. Zaldikok gizaki eta zaldi itxura du. Arotzek ferratzea lortzen dutenean, herritarren esanetara ipintzen da. Txatxoak, jantzi desberdinez atonduta daude, eta koloretsuak. Oihuka eta dantzan egiten dute. Astelehenean, eguerdian, Miel Otxin ostatutik aterako da txatxo baten bizkarrean eta Lantzeko kaleetan ibili eta gero, pertsonaia tradizionalez lagunduta, plazara heltzean, zortzikoa dantzatuko dute. Zaldikok Ziripot behin eta berriro botatzen du lurrera, eta txatxoek Ziripot lagundu eta altxatu. Horrela ibiltzen dira kaleetan zehar. Arratsaldean txatxoek Miel Otxin harrapatu, eta herriko plazara eramango dute. Azkenean, Miel Otxin erreko dute, eta suaren inguruan dantzatuko dute.

Zuberoa, bihotz-mihitan su beroa

Maskaradetan dantzek, bertsoek eta kantuek leku berezia dute. Zuberoako maskaradak XVI. mendean omen du jatorria. Garai batean laurogeitik gora partaide zituzten; egun, gehienetan, hogei bat lagunek osatzen dute segizioa. Batzuk gorriz egoten dira dotore jantzita (txerreroa, gathuzaina, kantiniersa, zamaltzaina…). Beste batzuk beltzez narraz, eta aurpegiak apainduta (kherestuak, xorrotxak, buhameak, kauterak…). Sasoi batean onak gorriak ziren, eta txarrak, beltzak. Egun, aldiz, ikertzaile batzuen (Roslyn Frank-ena, Urbeltz-ena...) iritzia jakin eta gero, badakigu maskaradetan onik ez dagoela, baizik eta txarrak eta txarragoak. Izan ere, ikertzaile horien ustez, maskaradetako gorriek gizakientzat arriskua, txarra sinbolizatzen dute; beltzek, berriz, oraindik okerragoa dena, izurrite bera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun