
Euskaraz modu lasaian aritzeko eta hurbileko jende euskalduna ezagutzeko aukera eskaintzen duen ekimena da Mintzodromoa. Aurten, Plentzian egingo dute, eta, ordutegia aitzakia izan ez dadin, lau txandetan banatuko dute: 10:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Izen-ematea daborduko zabalik dago, eta esteka honen bidez egin daiteke.
Antolatzaileek adierazi dutenez, euskara A1 edo A2 maila ikasten ari direnek ez daukate zertaz kezkatu, Jolasdromoa prestatu baitute beraientzat: "Ikasten ari bazara edo euskalduna bazara, euskara konpartitzeko eguna da! Euskara kalera atera eta erabilera indartzera goaz".
Mintzodromoa Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, Sopelako Udal Euskaltegiak, Uribe Kostako AEK-k eta Egizu euskara-elkarteak antolatu dute elkarlanean. Ekimenaren bidez, euskararen erabilera sustatu eta eskualdeko euskaltzaleen arteko harremanak indartu gura dituzte.