Kakarraldone

Karakolen domeinuan

Iñaki Larretxi Gallastegi • Luka Melendez Arteagal 2026ko otsailaren 12a

Barraskilo edo karakolak guztiok ezagutzen ditugun animalia lurtar txikiak dira, eta, batez ere, egun euritsuetan ikusten ditugunak. Ziurrenik, umetako bizipenak dakarzkigute gogora: ugariak dira eta oso-oso astiro dabiltza, haurrentzako harrapakin ezin hobeak bihurtuz.

Baina egiari zor, karakola diogunean Cornu aspersum lorategiko barraskilo arruntari edota Cepaea nemoralis baso-barraskilo deigarriari egin ohi diegu erreferentzia. Uribe Kostan karakola-espezie mordoa topa dezakegun arren, gehienentzako ez dugu izen herrikoirik. Edonola ere, eta ikusiko dugunez, zeharo ezberdinak izan daitezke bizimoduari eta itxurari dagokienez.

Hasteko, Rumina decollata espezieak maskor «lepogabetua» du izenak iradokitzen duen moduan, eta bestelako karakola zein ornogabeak ehizatzen ditu.

Clausilia bidentata barraskiloaren maskorra, aldiz, orratz itxurakoa da (irekiunea ixteko klaudilio izeneko egitura gogorrarekin), eta likenetan bazkatu ohi da.

Gurean ohikoa den beste espezieetako bat Pomatias elegans da. Barraskilo hau batez ere kareharrizko substratuetan topa dezakegu, eta bere maskor konikoa (karolina opilaren antzekoa) gakoa da identifikatzeko.

Gero, Trochulus hispidus espezie txikerra oso deigarria da maskorrean izan ohi dituen iletxoengatik, eta asunen moduko landare belarkaretan bazkatzen da.

Theba pisana espeziearen maskorrak hainbat diseinu izan ditzake, eta harrigarria izan arren, gure eskualdeko tokirik idorrenetara moldatuta dago, ohikoa izanik labar zein hareatzetan.

Azkenik, Uribeko Kostan Elona quimperiana barraskilo berezia ikusteko aukera dugu ere: maskor pikart ederra du, Bretainia eta Kantauriar mendikateko ingurune ospeletan banaketa ez-jarraia du eta Europar Batasunean babestuta dago.

Beraz, gure ibilaldietan zehar enborren azpian, goroldioetan, lantzarretan, hezeguneetan zein hareatzetan topa ditzakegu karakolak, eta, batez ere, zaparrada osteko azarora ateratzen direnean. Espezie guztiek gutxienez bi funtzio nagusi betetzen dituzte beraien habitatean: alde batetik, materia organikoaren zikloa bizkortzen dute landareen, animalien eta onddoen hondarrez elikatzean; bestetik, hainbat animaliaren dietaren oinarri dira; hala nola birigarroentzako edota ipurtargientzako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun