Txori espezie honek itsaso zabalean igarotzen du bizitzaren parte handi bat, baina azkenaldiko denboraleek asko ahuldu dituzte, arrantzatzea eta mugitzea asko zailtzen baitzaie. Horren ondorioz, itsasaldiek txoriotako asko kostaldera ekarri dituzte, asko hilda edo oso egoera txarrean.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du Bizkaiko hondartzetan agertu diren 200 lanperna-musu ingururen erreskateaz arduratzen ari dela, boluntarioakaz elkarlanean. Hala, hondartzetan azaltzen diren txoriak Gorlizko Fauna Berreskuratzeko Zentrora eramaten ari dira. Daborduko 14 ale eraman dituzte gutxienez, baina baliteke kopurua areagotzekoa Getxoz gain, La Arenan, Bakion eta Gorlizen ere agertu dira hegazti hauek. Gipuzkoan, berriz, 300 ale inguru Basabizi zentrora (Urnieta) eramaten ari dira, bertan artatzeko.
Adituek ohartarazi dute aste honetan hegazti gehiago ager daitezkeela, beste ekaitz baten atarian baikaude. Hori dela-eta hondartzan lanperna-musuren bat edo itsas hegaztiren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiagaz edo 112 zenbakiagaz harremanetan jartzeko eskatu dute. Era berean, animalia horiek ez manipulatzea gomendatu dute, bai osteko osatze-prozesuan ez eragiteko, bai gaixotasunak transmititzeko egon daitekeen arriskuagatik ere.