Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak egindako eskaeran, gogorarazi dute 2025eko ekainaren 18ko ezohiko osoko bilkuran erabaki zela halako prozesu bat bultzatzea, "zentralaren espazioaren eraldaketa gidatu beharko luketen irizpideak definitzeko", eta Jaurlaritzari prozesua martxan jartzeko eskatu zitzaiola, horretarako bilera bat eskatuta. Hala ere, Mankomunitatearen arabera, Jaurlaritzari egitasmoaren berri eman diten aren, bilera hori oraindik ez da egin, eta azken hilabeteetan zentralagaz lotutako "industria-, ondare-, arte- eta memoria-aukerei" buruzko berriek eta ekimenek eztabaida areagotu dute.
Eskaera sinatu duten udalek —Bakio, Fruiz, Gatika, Meñaka, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko alkatetzak, besteak beste— uste dute ezinbestekoa dela elkarlaneko gobernantza-eredu bat artikulatzea, "herritarren, gizarte-eragileen eta hainbat diziplinatako adituen ahotsak" jasoko dituena, eta ingurune horri "erantzun integrala" emateko balioko duena. Ildo horretan, proposamenak planteatzen du bizilagunek aukera izan dezatela "zentralaren eta haren ingurunearen behin betiko eraldaketa gidatuko duten irizpideei buruzko iritzia emateko eta erabakitzeko", antzeko hurbileko esperientzietan egin den moduan.
Proiektu zehatzei dagokienez —besteak beste, 2017an aipatutako piszifaktoria edo Sprilurrek kanpo-dikea konpontzeko esleitutako lanak—, udaletako ordezkariek argi utzi dute eztabaida irekitzea ez dela aukeren aurkakoa: "gauza batek ez du bestea kentzen; espazioa zabala da, eta erabakiak hartu aurretik herritarrei entzun behar zaie, eragile bakoitzak bere ekimenak proposatu ahal izan ditzan, industrialak, turistikoak zein kulturalak barne".
Ekimen bateratuagaz, Mankomunitateak eta eskualdeko udalek berretsi dute partaidetzazko lurralde-plangintzaren aldeko konpromisoa, eta azpiegitura kritikoen etorkizuna "modu komunitario eta gardenean" erabaki beharra.