Alderdiaren arabera, "premiazkoa" da neurriak hartzea prezioen gorakadari eta herriak "lo-hiri" bihurtzeko joerari aurre egiteko.
Bileran Erandio, Getxo, Leioa, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia eta Gorlizko zirkulu, militante eta ordezkari instituzionalek parte hartu zuten. Eskualdeko erronka eta arazo nagusiak partekatu, eta horiei erantzuteko proposamen zehatzak adosteko.
Topaketan azpimarratu zutenez, etxebizitza da gaur egun arazo larriena; hau da, hirigintza-garapen handiak egiten ari diren arren, prezioek gora egiten jarraitzen dute. Bozeramaileen esanetan, "prezioen arazoa konpondu gabe hainbeste etxebizitza eraikitzeak erakusten du ez dela eskaintza-arazoa soilik, baizik eta eskaintzaren kudeaketa-arazoa".
Horren harira, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko neurriak indartzea, prezioen igoera kontrolatzea eta etxebizitzak espekulaziorako edo erabilera turistikora bideratzea mugatzea eskatu dute. Azpimarratu dutenez, hainbat udalerritan lortu dute etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) %150eko gehieneko errekargua ezartzea, baina urrats gehiago behar direla uste dute.
Tokiko merkataritza eta bizi-kalitatea
Etxebizitzarekin batera, produkzio-ehunaren ahultzea eta tokiko merkataritzaren gainbehera ere jarri dituzte jomugan. Haien esanetan, udalerrietako zenbait ezaugarri urbanistikok (sakabanatutako auzoek edo metro-guneetatik urrun dauden eremuek), baita autoaren eta merkataritza-gune handien nagusitasunak ere, herriak "lo-herri" bilakatzea errazten dute; hau da, bizitza sozial eta ekonomikoa ahuldu eta kanpora begirako dinamiken menpe uztea.
"Egoera larria ez balitz, Foru Aldundiak ez luke 500 milioi eurotik gorako inbertsioa bideratuko joera hori indartuko duen azpiegitura batera", salatu dute.