IEUP APLIKAZIOA

Josan Aramaio: "IEUP euskararentzako sare propio bat eraikitzeko ahalegina da"

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 24a

Josan Aramaio da IEUPen sortzaileetako bat, EHUko doktoregaia eta musikaren adierazkortasunaren idazkera ikertzen ari dena.

Uribe Kostako euskaratik abiatutako proiektua bada ere, aplikazioak begirada zabalagoa du; izan ere, munduko hizkuntza gutxitu guztientzat baliagarria izan daitekeen eredua izan gura du. Josan Aramaiok abiapuntua argi laburbildu du "Ez gara egon behar sare globaletan; gure sarean egon behar gara".

Aplikazioak Google Mapsen logika hartzen du oinarri, baina pertsonak jartzen ditu erdigunean. "IEUP Google Maps bezalakoa da, baina pertsonentzat". Erabiltzaileek mapan kokatzen dute euren burua, gura duten tokian jarri eta munduan zehar mugi daitezke. Baina tresna ez da kokapen hutsera mugatzen: "Mapan dauden pertsonak zure kontaktu bihur daitezke", mezuak trukatu, eta, aldi berean, argazkiak igo eta beste erabiltzaile batzuk jarraitu. Plaza digital bat da, mapan antolatua.

"Mapan dauden pertsonak zure kontaktu bihur daitezke"

IEUP ez da munduko eduki erraldoiak bistaratzeko sortu. "Ez da elitearentzako espazioa", dio Aramaiok; "herritarrek egiten dutena erakusteko baizik". Tokiko kirol eta kultur ekitaldiak mapan agertzea da asmoa, zuzeneko emanaldiei lehentasuna emanez. Horren harira, IEUP app-aren bitartez eskainitako lehenengoetariko zuzenekoa Algortako Pala Txapelketako finala izan zen. "Munduko mapa interaktibo bat da, euskaldun guztiok elkar ikusteko eta konektatzeko espazio bat". Eguneroko jarduna erdigunean jartzea da xedea, eta parte-hartzaileak ikusgarri bihurtzea.

Mapak badu bestelako indar sinboliko bat ere; hau da, munduan sakabanatuta egon arren, euskaldunak espazio komun batean kokatzen ditu. Aramaioren ustez, gaur egungo sare globalek elkarren ondoan jarri arren, dispertsatu egiten gaituzte. "Zenbat eta gehiago erabili sare globalak, orduan eta ikusezinago bihurtzen gara". Bakoitzak bere jarraitzaileak izan ditzake, baina komunitate bateratu baten sentsazioa lausotu egiten da.

Horren aurrean, IEUPen proposamena euskara nagusi izango den ingurune digital bat sortzea da. "Babestutako espazio bat" gura du sortzaileak, non euskaraz bizi dena inori baimenik eskatu gabe partekatu ahal izango den. Horregatik, aplikazioa ezin da hizkuntza nagusietan instalatu; hizkuntza gutxituetan bakarrik dago eskuragarri, babes-neurri gisa ulertuta.

Hizkuntzaren ikuspegitik ere tokikotasuna jarri du erdigunean. Gaur-gaurkoz, Markinako, Ondarroako eta Uribe Kostako aldaeretan dago garatuta, baita euskara batuan ere. "Euskara batua beste euskara bat gehiago da. Benetako euskara herrietako euskalkien sareak osatzen du", dio. Beste herrietako hizkerak txertatzeko deia ere luzatu du: "300 bat hitz itzultzea besterik ez litzateke beharko. Animatu zaitezte!". Hau da, herritik sortutako eta herriarentzako proiektua izatea gura dute sortzaileek.

"Euskara batua beste euskara bat gehiago da. Benetako euskara herrietako euskalkien sareak osatzen du"

Proiektuaren atzean Aramaio bera dago, EHUko doktoregaia, musikaren adierazkortasunaren idazkera ikertzen ari dena; eta Toan Tran, Hanoiko programatzaile gaztea. Biak diru-laguntzarik gabe ari dira lanean. Erakundeei, komunikabideei eta euskararen aldeko hainbat eragileri aurkeztu diete egitasmoa, baina jasotako erantzuna, Aramaioren hitzetan, "isiltasuna" izan da. "Diskurtsoan denok gaude euskararen alde. Baina eguneroko konektibitatearen urratsa ez dugu ematen".

Baliabide faltak euskarazko aplikazio honen etorkizuna baldintzatzen du. Gaur egun Androiden bakarrik dago eskuragarri; iOS eta web bertsioak garatzeko laguntza beharko lukete. "Ez dakit etorkizunik izango duen. Dagoeneko nire poltsikoa apurtuta dago", aitortu du. Hala ere, amore emateko asmorik ez duela dirudi: etorkizuna "beltza" dela dio, "baina saiatu behar dugu".

IEUP ez da, haren esanetan, aplikazio huts bat. "IEUP gu guztiok gara", dio, komunitatearen tresna gisa ulertuta. Euskara abiapuntua da, baina ez helmuga bakarra; izan ere, helburua hizkuntza gutxitu bakoitzak bere espazio digital propioa izatea da, bere hizkuntza nagusi izango den ingurunean. Proposamen bat da, baina baita dei bat ere. "Benetako borondatea badago, posible da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun