Komunitate energetikoak sortu gura dituzte Lemoizen eta Urdulizen

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 3a

Udalerri bietan saioak egingo dituzte hurrengo asteetan.

Lemoizen eta Urdulizen energia-eredu jasangarriago eta bidezkoago baterantz urratsak ematen ari dira. Batetik, Lemoizko Udalak, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateagaz eta Ceres aholkularitza-enpresagaz daborduko martxan jarri du energia komunitatea eratzeko prozesu parte-hartzailea, eta Urdulizek ere bide bera hartuko du martxoaren 26an abiatuko den sei saioko egutegi ireki bategaz. Proiektuek herritarrak, komertzioak, elkarteak eta eragileak inplikatu gura dituzte prozesuan, energia berriztagarria tokian bertan ekoitzi, partekatu eta kudeatzeko antolaketa-modu kolektibo eta demokratikoa eraikitzeko.

Lemoizko Udalak zein Urdulizen proiektua bultzatzen ari diren herritarrek azaldu dutenez, energia komunitatea ez da soilik energia berriztagarria sortzeko instalazio bat, baizik eta «antolaketa-modu kolektibo eta demokratikoa», non energia bertan ekoitzi, partekatu eta kudeatzen den, aurrezpen ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte-kohesioa sustatuz. Azpimarratu dutenez, kanpoko energia-mendekotasuna murriztea eta tokiko autonomia indartzea da helburua.

Batetik, prozesua abiatzeko sei saio ireki antolatu dituzte Lemoizen. Lehen hitzorduak otsailean egin zituzten eta martxoaren 12an, apirilaren 9an zein 23an eta maiatzaren 7an jarraituko dute, beti 18:30ean eta leku berean: Armintzako kultur etxean. Saio horietan energiari buruzko oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte, erabil daitezkeen teknologiak aztertuko dituzte, finantzaketa-aukerak eta diru-laguntzak aurkeztuko dituzte eta komunitatea nola antolatu aztertuko dute. Udalak azpimarratu du prozesua irekia ari dela izaten eta aurretiko ezagutzarik gabe edonork parte hartu dezakeela, «guztion atean energia-eredu berri baten eraikuntzan ekarpena egitera» animatuta.

Bestetik, Urdulizen, energia komunitatea abiarazteko bidea sei saiotan egituratuko dute eta antolatzaileek jakinarazi dute parte-hartzea sustatu gura dutela, herri gisa energia garbia ekoitzi, hobeto erabili eta onurak partekatzeko. Saioak 2026ko data hauetan egingo dituzte: martxoak 26, apirilak 16, apirilak 30, maiatzak 14, ekainak 4 eta ekainak 18. Urdulizko Gaztelekuan 19:00etan egingo duten lehen saioan komunitate energetikoak zer diren eta zein onura daukaten azaltzen abiatuko dute zikloa.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, prozesua hauen bidez, herritarrek informazioa jasotzeaz gain, euren iritzia emateko eta etorkizuneko komunitate energetikoaren diseinuan parte hartzeko aukera izango dute, prozesuaren parte izango baitira hasieratik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun