Uribe Kostak basoen etorkizunaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 3a

Uribe Kostak basoen etorkizunaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu.

Zer egin dezakegu gure mendietan? Galdera horri erantzuten saiatuko da Uribe Kostako Mankomunitatea martxoan antolatu dituen natura jardunaldietan.

"Baso jardunaldiak: Zer egin dezakegu gure mendietan?" izenburupean, bi hitzaldi eta irteera gidatu bat egingo dira, herritarrek gure basoen egoera eta etorkizunerako aukerak hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten .

Ekimenaren abiapuntua azken urteetako errealitatea da: Bizkaian nagusi izan diren pinudi monolaborantzek, krisi handia bizi izan dute, eta horrek baso-eredua berrikusteko beharra mahai gainean jarri du. Jardunaldien helburua basoen egungo egoera aztertzea eta baso autoktonoaren inguruan dauden alternatibak ulertzea da.

Lehen hitzaldia martxoaren 6an izango da, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean; bigarrena, martxoaren 13an, Urdulizko Kultur Etxean. Biak 18:30ean hasiko dira. Martxoaren 14an, berriz, jardunaldiak osatzeko, goizeko 9:30etik 14:30era bitartean irteera gidatua egingo da Ea eta Mallabiko baso-lurretara, aurretik azaldutako edukiak bertatik bertara ezagutzeko .

Jardunaldiak Keko Alonsok emango ditu, jardineritzan eta baso-alternatibetan espezializatutako adituak, eta Kolore Guztietako Basoak ekimenaren sustatzaileetako batek. Antolatzaileek nabarmendu dute helburua ez dela soilik informazioa eskaintzea, basoen kudeaketa jasangarriago baterako bidea zabaltzea baizik.

Informazio gehiago eskuratzeko, interesdunek Uribe Kostako Mankomunitateko Ingurumen Sailera jo dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun