Uribe Kostako Mankomunitateak emakumeak lanbide maskulinizatuetan ikusarazteko kanpaina abiatu du

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 4a

Mankomunitateak emakumeak lanbide maskulinizatuetan ikusarazteko kanpaina abiatu du.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak kanpaina bat jarri du martxan emakumeak tradizionalki maskulinizatuak izan diren lanbideetan ikusarazteko, baita genero-estereotipoek lanbide-aukeretan duten eraginari buruz hausnartzeko ere.

"Pentsatu, aukeratu eta amets egin. Ez izan mugarik" lelopean, ekimenak gogorarazi gura du lanbideak aukeratzerakoan oraindik ere eragina dutela "nesken lanak" eta "mutilen lanak" bezalako ideiek. Horregatik, herritarrak aurreiritzi horiek zalantzan jartzera gonbidatu gura dituzte.

Era berean, ikastetxeetan hainbat jarduera egingo dira. Lehen Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleekaz genero-estereotipoek erabakietan duten eragina, erreferenteen garrantzia eta lanbide teknikoetan edo ofizioetan ari diren emakumeen errealitatea landuko dituzte.

Horrez gain, "Llámame sinsorga" dokumentala ere proiektatuko dute. Lan horrek Bilbon emakumeek sortutako lehen kultura-zentro feminista eraikitzeko prozesua kontatzen du, eta emanaldia amaitu ondoren solasaldia egingo da gaiaren inguruan.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun