Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, Sopelako Udal Euskaltegiagaz, eskualdeko AEKregaz eta Egizu elkarteagaz elkarlanean, Mintzodromoa eta Jolasdromoa antolatu ditu 24. Korrikaren kultur jardueren barruan. Ekitaldia Jai-Alai frontoian egingo da eta helburu nagusia euskararen erabilera indartzea eta hiztunen motibazioa piztea da.
Horretarako, batetik, Mintzodromoan bost laguneko taldeetan banatuta, interes orokorreko hiru gairi buruz arituko dira solasean, hala nola zaletasunak, euskara edo Korrika. Elkarrekintza sustatzeko, 15 minutuan behin mahaiak eta solaskideak aldatuko dira. Bestetik, Jolasdromoa ere egingo dute. Horretan, euskara ikasten ari direnak mahai-jolasen bidez, dakiten apurra praktikan jartzeko aukera izango dute Fikzio Fabrika elkarteak dinamizatuta.
Solasaldiez gain, elkarbizitzarako tarteak ere egongo dira: hamaiketakoak goizean, 11:00etan eta 13:00etan, eta meriendatxoak arratsaldean, 18:00etan eta 20:00etan. Egunari amaiera borobila emateko, 20:15ean kantujira egingo da Plentzia Kantagune taldearen eskutik.
Oraindino parte hartu nahi dutenek labur.eus/ukmintzodromoa helbidean edo 722 710 595 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena.