"Euskara gara" lelopean, aurten ere argi utzi gura izan dute euskararen biziberritzeak ezinbestekoak dituela baliabideak, lidergo politikoa eta herritarren inplikazioa. Hasiera ekitaldian, Maider Hegi, Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakaria, eta Bixente Claverie, AEKren Nazio Kontseiluko kidea, arduratu ziren mezua plazaratzeaz, helduen euskalduntzeak dituen erronkak gogoraraziz eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz.
Korrikak, ohiko moduan, herriz herri eramango du mezu hori, giro alaian baina aldarrikapenetik ere bai. Ibilbide horretan, Uribe Kosta eskualdeak ere bere tartea izango du datorren martxoaren 26an.
Egun horretan, goizeko 09:39an sartuko da Plentzian, eta handik ekialderantz jarraituko du: 10:18an Sopelan izango da, 10:53an Getxora iritsiko da, eta 12:04an Leioatik igaroko da. Azkenik, 12:40an amaituko du eskualdeko ibilbidea Erandion, Barakaldorako bidea hartuz. Baina adi! Martxoaren 29an, Erandiotik berriz pasatuko da, Asua zein Enekuritik, goizeko 07:17ean, eta orduan Bilborako bidea hartuko du Korrikak, hamaika eguneko ibilbideari bukaera emateko.
Erritmo bizian eta geldialdirik gabe, kaleak kolorez, musikaz eta euskararen aldeko oihuz beteko dira. Lekukoa eskuz esku ez ezik, bihotzez bihotz ere igaroko da, herri baten aldarria bizirik mantenduz. Izan ere, Korrika elkarregaz aurrera egiteko modu bat da. Beraz, hasi luzaketak egiten eta kalera irten, lekukoa hartu eta ekin diezaiogun bideari elkarregaz; tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!