Ekainaren 21ean egingo dute Kosta Trail lasterketaren 20. edizioa

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 25a

Kosta Trail lasterketa solidarioak 4.000 parte-hartzaile inguru batzea aurreikusi du aurten. © KOSTA TRAIL

Kosta Trail lasterketak 20. edizioa beteko du aurten, eta izen-ematea daborduko zabalik dago www.kostatrail.com  webgunean. Aurrekoetan bezala, ekainaren 21ean egingo den probak hiru ibilbide izango ditu: mendiko 21 kilometroko erdi maratoia, 20 kilometroko mendi martxa eta 7 kilometroko familia martxa. Ohikoa den bezala, kirol-frogak izaera solidarioari ere eutsiko dio, eta izen-emateetatik bildutakoaren zati bat GaituzSport Fundazioari bideratuko diote, desgaitasuna duten zein ez duten pertsonen artean kirola berdintasunean sustatzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendiko erdi maratoiak 1.200 metroko desnibel metatua izango du, eta 450 korrikalari onartuko dituzte gehienez. Izen-emateak 25 euro balioko du mendiko federatuentzat, eta 28 euro federatuta ez daudenentzat. Modalitate horretan izena emateko epea maiatzaren 1era arte egongo da zabalik, edo dortsalak agortu arte. Bestalde, mendiko martxak zain familiarrak 7 euroko prezioa izango dute, eta biak batuta 3.600 parte-hartzaile hartuko dituzte; izen-ematea, berriz, probaren aurreko egunera arte egin ahal izango da, plazak bete arte.

2006an sortu zenetik, Kosta Trailek kirol proba soila izatetik harago egin du bidea, eta antolakuntzak azpimarratu du azken bi hamarkadetan 214.000 euro baino gehiago bideratu dituztela kirolagaz lotutako hainbat proiektu sozialetara. Aurten ere, inklusioa eta elkartasuna izango dira edizio berezi honen ardatzetako batzuk. Antolatzaileek gogorarazi dute Kosta Trail dela itsaso mailan egiten den mendiko lehen lasterketa dela, lur, harea eta asfalto tarteak uztartzen dituen ibilbideagaz Bizkaiko kostaldeko paisaia esanguratsuetan barrena.

Informazio gehiago, arautegia eta ibilbideen xehetasunak www.kostatrail.com atarian eta probako sare sozial ofizialetan argitaratuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun