Bizkaiko Foru Aldundiak Hezkuntza Sailaren esku utzi du Artatza-Romoko 400 ikasleren lekualdaketa

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 27a

Artatza-Romo institutua, artxiboko irudian.

Aldundiak dio Leioako itsadarraren azpiko tunelaren obrek ez dutela aldaketarik izan, baina Elkarrekin Bizkaiak kontraesanak salatu ditu

Bizkaiko Foru Aldundiak Hezkuntza Sailaren eta hezkuntza komunitatearen esku utzi du Artatza-Romo institutuko ikasleen balizko lekualdaketa. Eztabaidaren erdigunean dagoen gaia da, itsadarraren azpiko tunelaren obrek ikastetxearen jardunean izan dezaketen eragina tarteko.

Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko ahaldunak Bizkaiko Batzar Nagusian azaldu duenez, erabaki hori ez dagokio Aldundiari, Hezkuntza Sailari eta komunitate osoari baizik. Haren esanetan, gainera, 2025eko uztailean eraikuntza-proiektua onartu zenetik ez da aldaketa teknikorik egin.

Aldundiak proiektuak daborduko zarata, bibrazioak eta airearen kalitatea kontrolatzeko neurriak badituela defendatu du. Horien artean daude leihoak aldatzea, klimatizazio-sistemak jartzea eta hesi akustikoak ezartzea. 

Ahaldunak, halaber, proiektuak legeak aurreikusten dituen parte-hartze bide guztiak bete dituela azpimarratu du, aurkeztutako alegazioen %70 onartu diren bezala. Era berean, herritarren iritzia ere aldekoa dela adierazi du, egindako gogobetetze inkestetan oinarrituta.

Hala ere, azalpen horiek ez dute oposizioaren zalantza uxatu. Ricardo Vaquero Moreno Elkarrekin Bizkaia taldeko ahaldunak gogor kritikatu du foru gobernuaren jarrera. Haren ustez, kontraesan nabarmena dago: “obrak ikasleen egunerokoarekin bateragarriak badira, zergatik planteatzen da 400 ikasle lekualdatzea?”

Vaqueroren esanetan, lekualdaketa beharrezkoa bada, horrek proiektuak benetako arriskuak edo eraginak badituela esan gura du, eta horiek ez zirela behar bezala azaldu jendaurreko prozesuan. Gainera, familien bizimoduan eragin zuzena duen auzia dela nabarmendu du, eta Aldundiari gardentasun handiagoa eskatu dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun