Oro har, tamaina ertaineko hegaztiak dira eta oso lumaje deigarriak izan ditzakete, nahiz eta animalia izutiak diren. Talde honetako espezieak ezagunak dira zuhaitzetako zuloetan (beraiek egindakoak edota naturalki sortutakoak) egiten dituztelako habiak. Bereziki, negu amaieratik aurrera egurra darabilte beraien artean komunikatzeko eta ugalketa-sasoiari begira lurraldeak finkatzeko, etengabean mokokada gogorrak emanez.
Okilen bizimodua oso espezializatua denez, zenbait ezaugarri berezi dituzte. Hasteko, oso moko sendoa dute egurra zizelkatzeko eta apurtzeko; izan ere, bertan topatzen dute babeslekua eta elikagaia. Egurra kolpatzean sor daitezkeen lesioak saihesteko, okilek mihi protraktil luzea kiribiltzen dute garezur barnean. Horrez gain, mihi lirdingatsua eta arantzatsua dute, eta okilak hortaz baliatzen dira enbor zahar edota gaixoetan intsektuak harrapatzeko (beraien dietaren oinarria, hein handienean). Lumajeari erreparatuz, buztaneko luma garatuek euskarri funtzioa egin dezakete enborrean gora eta behera mugitzeko orduan. Azkenik, hegazti gehienek hiru hatz aurrean eta bakarra atzean duten arren (anisodaktiloak), okilen kasuan hatzak simetrikoki banatzen dira gehienetan (zigodaktiloak), enbor-azalari hobeto heltzea ahalbidetuz.
Bizkaian eta Uribeko kostaldean bost okil espezie topa ditzakegu, guztiak Picidae familiaren baitan.

Okil berde iberiarra (Picus sharpei)
Guztietan arruntena okil berde iberiarra (Picus sharpei) da, eta izenak iradokitzen duen moduan, lumaje orlegi-beilezka du, buruan luma gorri koloretsu batzuekin. Dena dela, ezaugarri gakoetako bat bere irrintziaren antzeko txio ozena da, gure ibilaldietan arretaz bagabiltza oihanartean sarritan entzun dezakeguna. Edonola, beste batzuetan lurrera jaitsi daitezke beraien otordu gogokoenetakoaren bila: inurriak.

Okil txikia
(Dryobates minor)
Okil handia (Dendrocopos major) gurean dugun beste okil-espezie arruntena da. Buruan luma gorriak ditu ere, baina gorputzeko lumaje zuri-beltzak zein egiten dituen txik-txik dei urduriek ez dute zalantzarik uzten. Halaber, ornogabeez gain, espezie hau fruituz, arrautzez eta beste hegazti batzuen txitez elikatu daiteke.
Gero, okil txikia (Dryobates minor) zuri-beltza izan arren, hain da txikia (txonta baten tamainakoa) ezen nahasezina den. Bere doinua beste okilen antzekoa izan daiteke ere, baina nabarmenki agudoagoa eta urduriagoa da.
Okil beltza (Dryocopus martius) Europako okilik handiena da, eta izenak dioskunez, bere lumajea beltz-beltza da, buruan luma gorri deigarriak dituelarik. XX. mendean zehar espeziearen populaziorik hurbilenak Pirinioetan eta Kantabrian genituen arren, azken urteotan naturalki hedatzen ari da eta daborduko gurean topatu dezakegu ere. Bere sendotasun nabarmenak egurra gehiago txikitzea baimentzen dio elikagai bila dabilenean, sarritan ezpalek bere presentzia salatzen dutelarik.

Okil beltza (Dryocopus martius)

Lepitzulia (Jynx torquilla)
Azkenik, Lepitzulia (Jynx torquilla) da familiako kiderik ezohikoena. Izan ere, ez du aipatutako beste espezieen moduan egurra zulatzeko ahalmenik, eta gainera bere lumajea oso kriptikoa da, hots, kolore arre-apaletakoa, galeperraren antzera. Dena den, beste okilen zenbait ohitura mantentzen ditu, hala nola zuhaitzetako zuloetan habia egitea. Horrenbestez, funtsezkoa da zuhaiztietan horrelako baldintzak dituzten arbolak egotea.
Oro har, okilena talde gakoa dela esan daiteke basoko beste espezie askorentzako habitat egokia sortzen dutelako, espezie ingeniari moduan jardutean. Izan ere, bestelako hegaztiek, saguzarrek, mixerrek, edota intsektuek okilek zizelkaturiko zuloak erabili ditzakete kumatzeko edota elikatzeko. Aldi berean, hegazti eder hauek materia organikoaren eta mantenugaien zikloa bizkortzen dute zuhaitz ahul, zahar edo hilen deskonposaketa arinduz. Eta hori guztia gutxi balitz, okilak zuhaiztien egoeraren bioindikatzaileak ere dira, bada, ondo egituratutako eta kontserbatutako baso-orbanetan agertu ohi baitira nagusiki.
Beraz, martxoko ibilbideetan erne ibili beharko dugu, urteko sasoirik onena baita okilak ikusteko: oso aktibo egongo dira eta arbolen hostaila ezak behaketa zuzenak baimenduko ditu.