Azaldu dutenez, duela urte eta erdi aurkeztutako hobekuntza-proposamena atzera bota zen, eta ondoren onartutako demanda-azterlanaren emaitzarik ere ez da ezagutu. Gainera, tren eta teknologia berrien etorrera 2030-2035era arte atzeratzeak egungo zerbitzu eskasa luzatuko duela ohartarazi dute.
Egoera horren aurrean, berehala aplikatzeko moduko neurriak proposatu ditu EH Bilduk: Urdulizera iristen diren zerbitzuak beste ordutegi-tarte batzuetara zabaltzea eta Sopelatik abiatzen diren goizeko tren batzuk Urdulizen hastea, puntako orduetan maiztasuna hobetzeko.
Era berean, epe ertainera begira, azpiegitura-hobekuntzak planteatu ditu; hala nola Urdulizen bazterbide bat eraikitzea zein Urduliz eta Plentzia arteko bide bakarreko tartea optimizatzea.
Koalizioaren ustez, arazo nagusia ez da teknikoa, borondate politikoa baizik, eta erakundeei garraio publikoari lehentasuna emateko eskatu die.
Horrez gainera, herritarrei dei egin diete sinadura-bilketetan eta mobilizazioetan parte hartzera, maiatzaren 7an Sopelan egingo den elkarretaratzea barne.