Gorliz-Plentziako Gaztetxeak festa giroko egun osoko egitaraua prestatu du datorren maiatzaren 2rako. Ekitaldi nagusia bertso-afaria izango den arren, antolatzaileek herria musikaz betetzeko asmoa dute, eta egunari kolorea emateko 2000ko hamarkadako "jurru" tematika hautatu dute janzkerarako.
Arrastia Hamarru elektrotxarangak girotuko du Gorlizko kaleetan zehar, eta ondoren, Gaztetxean bertan egingo dute bertso-afaria. Aurtengo saioan Kerman Diaz eta Unai Mendiburu bertsolariak arituko dira oholtzan. Gauari amaiera emateko, Mambo Express taldeak hartuko du lekukoa, festa goizaldeko 03:00ak arte luzatuz.
Afarian parte hartu gura dutenek aldez aurretik eman behar dute izena 644 37 71 22 edo 645 71 97 59 telefono zenbakietara mezu bat bidalita. Antolatzaileek bi prezio ezberdin jarri dituzte parte-hartzaileen egoera ekonomikoaren arabera: prekarioak 8 euro eta ez-prekarioak 12.