Kakarraldone

Zuhaixkak loretan bideak zuritzen

Iñaki Larretxi Gallastegi • Luka Melendez Arteaga 2026ko maiatzaren 7a

Apirilean egun hotz eta ilunak gero eta arraroagoak dira jada, neguan zehar gordeta eta babesean egon diren izaki bizidunen aktibitatearen eztanda suposatuz: udaberrian murgildu gara.


Erlastarra eta erle basati bakartia elorri zuria polinizatzen.

 


Thomisidae armiarma elorri zurian. Aurkitzerik bai?

Euliak eta Cetonia generoko kakarraldoa elorri zuria polinizatzen.

Udaberrian berpizten diren bizidun ugarien artean, landare goiztiarrenak loreekin janzten dira, eta zuhaixken loraldia bereziki nabarmentzen da horien artean. Haizearen bidezko polinizatzen direnak (anemofiloak) —hurritza adibidez— aurretiaz loratu badira ere, eguzki-orduek eta tenperaturak gora egin ahala polinizazioa burutzeko intsektuak erakarri behar dituzten espezieak (entomofiloak) loratzen hasten dira. Beraien loraketa goiztiar eta ugaria dela eta, intsusa (Sambucus nigra), zuhandorra (Cornus sanguinea), elorri zuria (Crataegus monogyna) eta elorri beltza (Prunus spinosa) nabarmentzen dira. Oraingoan, elorriei buruz mintzatuko gara.

Elorriek —zuriek zein beltzek— udaberri hasieran zuritzen dituzte geure abaro, landamin edota bide-bazterrak, beraien usainagatik sarritan urrunetik antzeman ditzakegularik. Bi espezieen itxura orokorrari erreparatuz antzekoak izan arren (biak baitira zuhaixka arantzatsuak), ezaugarri gako batzuk daude modu errazean bereizteko. Alde batetik, elorri beltza loratu egiten da hostoak kimatzen hasi aurretik; ostera, elorri zuria hostoberritu egiten da loraldia baino lehen. Ondoren, elorri beltzaren hostoak osoak dira, hots, ertz erregulardunak dira; aldiz, elorri zuriarenak gingildunak dira, ertz irregularrak dituztelarik. Azkenik, udazkeneko fruituak urdin-moreak dira elorri beltzaren kasuan (basaranak, patxaran edaria ekoizteko erabiliak); elorri zuriarenak, ordea, txikerragoak eta gorriak dira.

Aipatutako bi espezieen loraketa oparoak polinizatzaile ugari erakartzen ditu, nektar eta polen bila gerturatzen baitira: askotariko kakarraldoak, tximeletak, erleak, euliak, liztorrak… Aldi berean, intsektu-kontzentrazio handien atzetik harrapakariak ere agertu ohi dira, hala nola Thomisidae familiako kideak, karramarro-armiarma bezala ezagunak. Araknido hauek kamuflajean adituak dira, eta espezie askoren loreetan egoten dira zelatari ea hurrengo polinizatzailea noiz agertuko den. Gutxi balitz, karramarro-armiarma batzuek argi ultramorea islatzen dute lorea polinizatzaileentzako erakargarriagoa izan dadin.

Halaber, bi elorrien hostoak zomorro ugariren bazkalekua dira. Esate baterako, Erresuma Batuan 200 artropodo-espezietik gora topatu dira elorrietan: akaroak, tximeletak eta sitsak, kakarraldoak, euliak, etab. Are gehiago, espezie batzuentzako elorriak ezinbestekoak dira, Iphiclides feisthamelii tximeleta ikusgarriaren larbentzako kasu, elorri beltzaren hostoez elikatzen baitira.

Jakina denez, polinizazioaren ostean fruituak garatzen dira, udazkenean guztiz heldu arte. Orduan, hegazti askok fruituak jango dituzte migrazioan zehar energia lortzeko, baita neguari aurre egiteko ere. Trukean, hegaztiek azalera handietan sakabanatuko dituzte elorrien haziak, dispertsioa izugarri emendatuz.

 

Azkenik, elorrien morfologiak, eta zehazki beraien arantzek eta inausketekiko erresistentziak, aspalditik datorren istorio ebolutibo bat kontatzen dute; izan ere, elorriek beti egin behar izan diote aurre belarjaleen presioari (bisonteak, zaldi eta behi basatiak, ahuntzak...). Ezaugarri horiek direla eta, elorriek (elorrantzak gurean) garrantzia izan dute gizarte tradizionaletan, zeinetan hainbat erabilera izan dituzten, hala nola lursailen arteko muga eta hesi bizi gisa. Urrutira joan barik, Uribe Kostan bi espezieei erreferentzia egiten dieten hainbat toponimo topatu ditzakegu: Urdulizko Elortza auzunea, Leioako Elorrieta eta Barrikako Elordi etxaldeak, Getxoko Elorri kalea…

Beraz, hurrengo ibilaldietan ondo aztertu beharko ditugu zuriz jantzi diren zuhaixkak: arantzak, loreak, zomorroak… Udazkenean, aldiz, fruituei erreparatu beharko diegu, eta horiek jaten dituzten birigarroei, zozoei, txinbo-kaskabeltzei edota txantxangorriei. Batek daki non sakabanatuko dituzten elorrien haziak!


Elorriek ezaugarri morfologiko bereziak dituzte belarjaleen presioari aurre egiteko: arantzak eta inausketari erresistentzia. Ezaugarri horiei esker, lursailen arteko mugak adierazteko erabili ditugu gizakiok. Gurean landare hauei erreferentzia egiten dioten hainbat izen ditugu: Elorrieta, Elordi, Elortza...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun