EH Bilduk eta Jaurlaritzako gobernu bazkideek Ertzaintzaren baliabideak indartzea adostu dute ziberdelituei aurre egiteko

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 7a

Azken datu ofizialen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren delituen %20 dira jada ziberdelituak.

Ziberdelituen gorakadaren aurrean, EH Bilduk akordioa lortu du EAJ eta PSEgaz Ertzaintzaren baliabideak indartzeko. Hala iragarri du Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak, gaur Legebiltzarrean defendatutako mozio baten ostean.

Azken datu ofizialen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren delituen %20 dira jada ziberdelituak. Gainera, fenomenoak hazkunde handia izan du azken urteetan: 2017an 9.000 kasu inguru erregistratzen ziren, eta gaur egun 28.000ra igo dira. EH Bilduren arabera, benetako kopurua handiagoa izan daiteke oraindik, delitu asko salatu gabe geratzen direlako.

Ortiz de Guineak egoera "gela erdian dagoen elefantea" dela esan du, segurtasunaren inguruko eztabaidetan askotan bigarren planoan geratzen dela salatuz. Izan ere, datuek erakusten duten arren ziberdelinkuentziaren pisua gero eta handiagoa dela, Ertzaintzaren unitate espezializatuan 26 agente baino ez daude lanean. "26 ertzain 28.000 delitu ikertzeko; bistakoa da ez direla nahiko", ohartarazi du.

Baliabide gehiago eta prestakuntza espezializatua

Legebiltzarrean adostutako neurriaren arabera, Jaurlaritzak Ertzaintzaren Enplegu Planaren barruan giza baliabideak handituko ditu, eta aldi berean baliabide teknikoak eguneratu eta modernizatuko ditu, zibersegurtasunaren ikuspegitik. Horrez gain, Arkautiko Akademiako prestakuntza planetan ziberdelituen inguruko edukiak indartuko dira, agenteek delitu mota horiei eta biktimei behar bezala erantzun ahal izateko.

EH Bilduko ordezkariak pozik baloratu du akordioa, eta ohartarazi du ziberdelinkuentzia "tsunami" bihurtzen ari dela. Haren hitzetan, segurtasuna "modu integralean" ulertu behar da gaur egungo gizarte gero eta digitalizatuagoan, eta horregatik zibersegurtasuna lehentasun estrategiko bihurtu behar dela defendatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun