Talde ekologistak hiru eskaera nagusi ditu bai metroa zein autobus-zerbitzua hobetzeko. Lehenengo, metroaren maiztasuna handitzea aldarrikatu dute, Plentziaraino heltzen den sarea oso txikia baita. Adierazi duten bezala Urdulizeraino hobetzeko ahalmen teknikoa badago eta "inbertsio handirik gabe" egin ahal den aldaketa da.
Bigarrenik, ordutegiak luzatzea aldarrikatu dute. Adierazi dutenez, COVID-19a baino lehen, gaueko autobus zerbitzua existitzen zen, baina "arrazoirik gabe" kendu zuten. Beraz, ordutegiak berriro luzatzea eta gaueko zerbitzuak berreskuratzea exijitu dute.
Azkenik, eskualdea konektatzen duten Bizkaibus linea gehiago jartzea eskatu dute. Gaur egun, bakarrik bi linea daude eta hauek maiztasun oso txikia dute; hori dela eta, ekologistek auzo osoak inkomunikatuta geratzen direla adierazi dute.
Aldarrikapen hauek aurrera eramateko, sinadura bilaketa bat jarri dute martxan. Orain arte, Berango, Larrabasterra, Sopela, Urduliz, Plentzian eta Gorlizko ospitalean bildu dituzte sinadurak. Azaldu dutenez, datozen asteetan, bilaketagaz jarraituko dute euren aldarrikapenak eskualde osora zabaldu arte.