Maiatzaren 11tik uztailaren 12ra bitartean, tokiko 10 hedabidek eta beren eskualdeetako erabiltzaileek elkarren aurka lehiatuko dira. Oraingo honetan, lehia ez da banakakoa izango, taldekoa baizik, eskualde bakoitzeko jokalarien batez besteko puntuazioa hartuko baita kontuan.
Hala, Tokikom Ligan parte hartzeko, Uribe Kostako erabiltzaileek ezinbestekoa dute euren profila osatzea (aurpegi-argazkia, izen-deiturak, adina eta herria zehaztuta) eta HIRUKA taldea hautatzea. Baldintza horiek betetzen dituztenek zozketetan parte hartu ahal izango dute. Hain zuzen, HIRUKAk sari esklusiboak eskainiko ditu eskualdeko parte-hartzaileentzat: astean behin, Karpinerako umeentzako 2 sarrera eta boligrafo berezi bat zozkatuko ditugu.
Ligan parte hartuko duten 10 taldeen artean (HIRUKA, GUKA, Anboto, Goiena, Aiurri, Barrena, Arabako Alea, GiTB, 28 Kanala eta Guaixe) sailkapen estua espero da, eta astero emaitza onenak dituen eskualdea jakinaraziko dutela ere iragarri dute. Informazio gehiago eta izen-ematea Egunean Behin jolasaren webgunean aurkitu daitezke.