Sindikatuek jakitera eman dutenez, babes hori EAEko hiri eta herri nagusietan lortu dute, besteak beste, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo eta Errenterian. Gainera, hainbat herritan —Hernanin, Arrasaten edo Bergaran, kasu— langileen asanbladek udalak ixtea erabaki dute greba egunerako.
Gurean, Getxon langile batzordeak mozioa onartu eta grebagaz bat egin du; gainera, elkarretaratzea ere egingo dute udaletxearen aurrean. Erandio. Leioan eta Sopelan ere deialdiak babes zabala jaso du eta beharginek Udalhitzen berritzea eskatuko dute.
16 urte akordio barik
Mobilizazioen arrazoi nagusia udal-langileen lan-baldintzen prekarizazioa da. Sindikatuen arabera, 16 urte daramatzate Udalhitzeko lan-hitzarmena berritu gabe, eta bitartean erosahalmena galdu eta Madrilgo Gobernuak ezarritako murrizketak onartu direla salatu dute.
Pasa den maiatzaren 7an egin zuten azken negoziazio mahaia, baina ELA eta LABen ustez, Eudelen eta alderdi politikoen (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta independenteak) proposamenak eskasak dira oraindik. "Negoziazioa oso motel doa eta eduki zehatzak falta dira", adierazi dute.
Grebaren bidez, negoziazioa bizkortzea eta urteetako gatazkari irtenbidea emango dion proposamen integral bat lortzea espero dute deitzaileek.