Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Getxoko eta Plentziako hiru etxebizitzatan lapurreta egitea egotzita

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 14a

Atxilotuei ateak zabaltzeko tresna ugari atzeman zizkieten. © ERTZAINTZA

Ertzaintzak 22 eta 25 urteko bi emakume atxilotu ditu honetan, apirilean Getxon eta Plentzian hiru etxebizitzatan izandako lapurretakaz lotuta. Agenteek astelehen iluntzean lokalizatu zituzten susmagarriak Sondikako hotel batean, eta bertan atxilotu zituzten indarrez egindako lapurreta delitua egotzita. 

Lapurretak apirilaren 20an jazo ziren, bi Getxoko Algorta eta Neguri auzoetan eta hirugarrena Plentziako etxebizitza batean. Salaketen arabera, erasoak egoiliarrak etxean ez zeuden bitartean gertatu ziren. Kasu batean sarraila indarrez ireki eta bonbina erauzi bazuten ere, beste bi etxeetan ateek ez zuten kalte nabarmenik, "resbaloi" teknika erabili zuten seinale. Hiru kasuetan gelak nahastuta aurkitu zituzten jabeek, eta batez ere bitxiak, dirua eta gailu elektronikoren bat bota zuten falta egindako egiaztapenen ostean.

Getxoko Ertzain-etxeak abiatutako ikerketari esker, agenteek bi emakume hauek inplikatu ahal izan zituzten gertakarietan. Astelehenean Sondikan atxilotu zituztenean, hiru bihurkin, giltza ingeles bat eta ateak irekitzeko prestatutako plastiko moztuak zeramatzaten galtzerdi batzuen barruan ezkutatuta.

Martitzenean, epailearen baimenagaz, ostatu hartuta zeuden hoteleko gela erregistratu zuen Ertzaintzak. Atxilotuak epailearen esku utziko dituzte polizia-izapideak amaitu bezain laster, ikertzaileek uste baitute antzeko ekintzak burutzen dituen talde baten kide izan daitezkeela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun