
Osasun Sailak azaldu duenez, plana hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: tenperaturen iragarpena eta ebaluazioa, beroak osasunean dituen ondorioen zaintza epidemiologikoa, eta herritarrentzako abisuak eta prebentzio-gomendioak zabaltzeko sistema. Arrisku-egoerak hiru mailatan sailkatzen dira: horia (abisua), laranja (alerta) eta gorria (alarma), eta maila bakoitzak neurri zehatzak aktibatzeko balio du.
Prebentzio-neurri nagusien artean, Osasun Sailak gomendatu du eguneko erdiko orduetan eguzki-esposizioa saihestea eta jarduera fisiko bizia ez egitea, batez ere tenperaturarik altuenetan. Era berean, arropa arina eta transpiragarria erabiltzea, eguzkitako babes egokia ematea eta sei hilabete baino gutxiagoko haurtxoak zuzenean eguzkitan ez jartzea azpimarratu dute. Sintomak agertuz gero —ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea edo ikusmen lausoa, besteak beste— osasun-langileakaz kontsultatzea eskatu dute, batez ere alditxarrak ordubetetik gora luzatzen badira.
Etxean, leihoak eta pertsianak itxita edukitzea gomendatu dute bero gehien egiten duen tarteetan, eta gauez aireztatzea. Halaber, beroa sortzen duten etxetresnak eguneko erdiko orduetan ez erabiltzea eta dutxa edo bainu freskoak hartzea proposatu dute. Haizagailuak erabiltzeko garaian ere kontuz ibiltzeko ohartarazi dute, 35 gradutik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten; eta etxebizitza fresko mantendu ezin dutenek egunean 2-3 ordu klimatizatutako guneetan igarotzea iradoki dute.
Azkenik, deshidratazioa saihesteko, ura eta likidoak maiz edatea gomendatu dute, egarri izan arte itxaron gabe, eta alkohola, kafeina edo azukre askoko edariak saihestea. Arreta berezia eskatu dute haurtxo, adingabe, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakume, adineko eta gaixotasunak dituzten pertsonentzat; eta gogorarazi dute inor ez dela inoiz ibilgailu itxi batean utzi behar, ezta itzalean ere. Larrialdiren bat izanez gero, 112ra deitzeko eskatu dute.