Hondartzak gainezka, arriskua uretan

Xabi Mendia 2026ko maiatzaren 26a

Ereagako hondartzan ere une larriak izan dira dira aste-akabu honetan.

Azken egunotako bero sapak jendetza ekarri du Uribe Kostako hareatzetara. Ekainaren 1ean udako denboraldia hasi bitartean zaintzarik ez dagoenez,Peña Txuri Surf Eskolako Naroa Saratxagak azaldu digu arrisku egoerak handitu egin direla eta surflariek zaintza areagotu egin behar izan dutela egoera larri bat baino gehiago ekiditeko.

Izugarriak benetan joan den aste-akabuan Getxo, Sopela, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan bildutako jendetza. 30 gradutik gorako tenperaturek jende andana ekarri zuen gure inguruko hondartzetan freskatzeko asmoz. Aparkalekuakaz sortutako arazoak alde batera lagata, uretan bertan ere makina bat ezusteko izan ziren.

Ondo legoke gogoraztea, datorren astelehenean, ekainaren 1ean, hasiko dela hondartza-denboraldi berria, eta ordura arte ez dela sorosle zerbitzurik izango. Bitartean, Euskal Herriko hainbat txokotan gertatu den moduan, egunero bertan dauden surflariek aurrera pauso ausarta eman eta laguntza eskaini diete ustekabekoa izan duten bainu-hartzaile ugariri.

Naroa Saratxaga, Sopelako Peña Txuri Surf Eskolako bozeramaileak aipatu duen moduan, "urtero, maiatza partean arazo berdina izaten dugu. Eguraldiak laguntzen badu jende mordoa inguratzen da gure hondartzetara eta askotan izan ditugun larrialdi egoerak". Sopelako surflari talde ezagun honek adierazi digunez egun askotan, "goizeko 09:30ean jada konturatzen zara eguna korapilatsua izango dela, beraz, surflari modura dugun erantzukizuna dela eta, egun osoa adi pasatzen dugu".

"Goizeko 09:30ean jada konturatzen zara eguna korapilatsua izango dela, beraz, surflari modura dugun erantzukizuna dela eta, egun osoa adi pasatzen dugu"

Saratxagak aipatu duenez, askotan, gure hondartzen inguruan dauden surf-eskoletako irakasle eta langileak ikastaroak bertan behera utzi behar izan dituzte egoera larrian zeuden pertsonak uretatik ateratzeko. "Eta hau guztia, kontuan hartuta, aste-akabu honetan itsasoko baldintzak ez direla guztiz txarrak izan. Guk Sopelan joan den asteburuan ez dugu arazo gehiegirik izan, baina, gaur, olatu gehiago dago eta itsasoa ezagutzen ez duen norbaitentzat arriskutsua izan daiteke".

Larrabasterra eta Sopelako kasuetan Udalerriko Udaltzaingoagaz etengabeko kontaktu zuzena badute ere, ondo legoke norberaren segurtasuna bermatzeko ardura eskatzea hondartzara etortzen den orori; izan ere, Saratxagak berak aipatu duen moduan, "azken urteotan konturatu gara ondo igeri egiten ez dakien pertsona dexente ikusi dugula uretan sartzen, eta gero guk konpondu behar izaten ditugu beraiek sortutako egoera korapilatsuak".

Datozen egunetarako eguraldi-iragarpenak hondartza-giroa aurreikusten duenez, eta datorren astelehenera arte Foru Aldundiaren Sorosle zerbitzurik egongo ez denez, gure herrietako surflariek gomendio argia luzatu dute: "Gozatu hondartzan, freskatu noski... baina adi eta kontuz ibili olatu eta korronteekin". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun