Aurtengo edizioak, ohiko moduan, hiru modalitate izango ditu: Mendiko Maratoi Erdia (21 kilometro), Mendiko Martxa (20 kilometro) eta Martxa Familiarra (7 kilometro), publiko eta maila ezberdinetara egokituta. Izen-emateak www.kostatrail.com webgunean egin daitezke, eta martxetarako plazak ekainaren 20ra arte edo dortsalak agortu arte egongo dira eskuragarri.
Maria Petit izango da aurtengo Kosta Traileko nobedade nagusietako bat. Kirolariak mendiko proba zorrotzetan metatutako ibilbidea du, besteak beste, UTMBko MCCn, Transgrancanaria Half-en edo Salomon Mitja Pirineun parte hartu izan du. Antolakuntzaren arabera, Petitek mendiko kirol egokitua ikusarazten lagunduko du, eta Kosta Trailen, gainera, Enforma Inspira proiektuagaz lotutako bi gidaren laguntzagaz egingo du lasterketa; Salomon Foundationek sustatutako ekimen horrek gazte tutelatuen eta ex-tutelatuen integrazioa bultzatzen du kirolaren eta prestakuntzaren bidez.
Petitegaz batera, Pol Makuri ere izango da irteeran, hirugarren urtez jarraian. Makuri azken edizioetan probako aurpegi ezagunenetako bat bihurtu da, eta antolatzaileek gogorarazi dute 4x400 metroko erdiko maratoiaren ibilbide teknikoan emaitza nabarmena lortu zuela 01:49:17ko denbora eginda. Bi kirolarien presentziak, antolakuntzaren esanetan, Kosta Trailen balio nagusiak indartuko ditu: "gainditzea, aniztasuna eta integrazioa".
Era berean, antolatzaileek nabarmendu dute Kosta Trailek izaera solidarioari eutsiko diola aurten ere: izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat GaituzSport Fundazioari bideratuko diote, desgaitasunak dituzten pertsonen artean kirola berdintasunean sustatzeko lanean ari den erakundeari. Aurreratu dutenez, jasangarritasun-neurriak ere indartuko dituzte, plastikoen erabilera murriztuz eta material berrerabilgarriak zein konpostagarriak lehenetsiz.