Berango Urduliz Eskubaloiko senior taldeak maila nazionalerako igoera historikoa lortu du

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 27a

Berango Urduliz Eskubaloia taldekoi kideak aste-akabuan eskuratutako garaipen absolutua ospatzen. © BUE

Berango Urduliz Eskubaloia taldea jaun eta jabe izan da aste-akabuan Maliañon (Kantabrian) jokatu den txapelketan, eta maila nazionalera igotzea lortu du. Uribe Kostako taldeak Gaztela-Mantxako, Kantabriako eta Kanarietako txapeldunei gailendu zaie, eta, bide batez, beste bi sariren aitortzagaz borobildu du aste-akabua: Ixone Aparicio eta Leize Zuluaga lehiaketako atezainik eta jokalaririk onenak izendatu dituzte, hurrenez hurren.

Euskadiko txapelketan txapeldunorde geratu ostean, Berango Urduliz Eskubaloia taldeko neskek igoera fasea jokatzeko aukera izan zuten aste-akabuan, maiatzaren 22tik 24ra, Maliañon, Kantabrian. Igoerari atea zabaldu zion lehen neurketa barikuan jokatu zuten, Balonmano Villafrancaren aurka, eta 16-28ko emaitza argiagaz irabazi zuten. Zapatuan, berriz, etxekoen aurka jokatu zuten neurketa gakoa: El Pendo Camargo menderatu zuten 20-27, presio handiko testuinguruan ere sendotasuna erakutsita. Domekan heldu zen amaiera borobila, Lanzarote San Jose Obreroren kontra; erritmo handiko norgehiagoka bizia izan zen, eta 29-34ko markagailuagaz itxi zuten fase "perfektua". Emaitza horregaz taldeak bigarrenez lortu du maila nazionalera igotzea; lehenengoz beren merituengatik, aurrekoan gonbidapen bati esker igo zirelako.

Aste-akabuan, taldeak harmailetan ere "gotorleku" bat izan zuen hiru egunetan zehar Uribe Kostatik joandako zaletu ugarik pabiloiaren hiru laurdenak betetzera ere iritsi baitziren. Gainera, garaipena borobiltzeko, banakako sariek ere taldearen maila islatu zuten: Ixone Aparicio aukeratu zuten txapelketako atezain onena, eta Leize Zuluagak jaso zuen jokalari onenaren aitortza.

Diego Izquierdo entrenatzaileak azpimarratu du igoera ez dela ustekabeko arrakasta, 50 urteko harrobiko lanaren eta eskualdeko kirolaren alde egindako apustuaren emaitza baizik: "Garaipenak lortzeko modurik errazena ez bada ere, gure filosofia jarraitzen saiatzen gara, eta gure jokalariek kimuetatik seniorretara egiten dute ibilbidea; hala, txapelketa jokatu duten 19 jokalarietatik 18 harrobikoak dira".

Hala ere, entrenatzaileak ohartarazi du mailaz igotzeak erronka ekonomiko eta logistiko handiagoa dakarrela taldearentzat, eta babesa ematen dieten enpresa-sareari laguntza eskatu dio, proiektua maila nazionalean sendotu eta emakumezkoen eskubaloiak Uribe Kostan ezartzen jarraitu dadin. "Orain, gure helburua mailari eustea eta ahalik eta gehien ikastea da, oso jokalari gazteak baititugu: nagusienak 25 urte ditu. Hala ere, ilusioagatik bada, hor ez gaitu inork irabazten, hori argi dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun