Areeta, Toña, Karraspio Txiki eta Portu Txiki hondartzetan ez bainatzea gomendatu du Osasun Sailak

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 1a

Gaur bainu-denboraldia hasten da EAEko hondartzetan. © OSASUN SAILA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duen moduan, gaur hasi da bainu-denboraldi ofiziala. Aurten, 46 gune daude erroldatuta eta, egindako ebaluazio sanitario berriaren arabera, horietako 40 gunetan uraren kalitatea bikaina edo ona izan da; beraz, EAEko bainu-eremuen egoera orokorra ona dela ohartarazi dute.

Hala ere, lau izan dira 2025eko urteko ebaluazioan ezarritako kalitate-irizpideak betetzen ez dutenak: Areeta (Getxo), Toña (Sukarrieta), Karraspio Txiki (itsasadarra, Mendexa) eta Portu Txiki (Zierbena). Horietan denboraldi osoan ez bainatzea gomendatu du Osasun Publikoaren Zuzendaritzak. Oraingoz, administrazio eta erakunde eskudunak lankidetzan ari dira ura aztertzen, arrazoiak identifikatzeko eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko. "Eragina izan dezaketen faktoreen artean, azken udetan izandako prezipitazio handiak daude, unean-unean uraren kalitatea kaltetu dezaketenak", azpimarratu dute.

Gainera, jakinarazi duten moduan, Osasun Sailak etengabeko zaintza-programa bat egingo du denboraldi osoan. Horren bitartez, astean behin, bainatzeko gune guztietan laginak hartuko ditu uraren analisi mikrobiologikoa egiteko. "Horrez gain, hondartzen eta eremu kontinentalen inguruaren egoera orokorra ebaluatuko da, eta arreta berezia eskainiko zaie", ohartarazi dute. Helburua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webgune ofizialean gune bakoitzeko egoera sanitariori buruzko informazio eguneratua eskuragarri izatea da. Azaldu dutenez, bertan, uraren kalitatea eta gorabeherak kontsultatu ahal izango dira modu arin eta gardenean.

Azkenik, nabarmendu dute bainatzeko uren zaintza 2023an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan Uraren Euskal Agentziagaz (URA) hertsiki koordinatuta egiten dela, kostaldeko Udaleen, foru-aldundiaren eta hornidura- eta saneamendu-sistemez arduratutako erakundeen laguntzakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun