Uribe Kostako Mankomunitateak bapeagailuen arriskuez ohartarazteko kanpaina abiatu du

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 2a

Helburua bi ohituren arteko aldeak ez direla beti diruditen bezain handiak erakustea da.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak tabakoaren eta bapeagailuen inguruko sentsibilizazio-ekimena jarri du martxan, Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira. Kanpainaren bidez, bapeagailuak seguruagoak direla dioen pertzepzioa zalantzan jarri nahi dute, eta gogorarazi bestelako itxura izan arren osasunean eragin kaltegarria izan dezaketela.

Ekimenaren bidez, Mankomunitateak komiki bat zabaldu du herritarrak hausnartzera gonbidatzeko. Proposamena jolas moduan planteatu dute: tabakoa erretzearen eta bapeagailuak erabiltzearen arteko aldeak bilatzea, pertsonaiei, koloreei, gorputz-adierazpenei eta inguruneei erreparatuz. Helburua bi ohituren arteko aldeak ez direla beti diruditen bezain handiak erakustea da.

Mankomunitateak ohartarazi du bapeagailuen kontsumoa erretzea baino seguruagoa dela dioen pertzepzioa faltsua izan daitekeela. Izan ere, bi ohiturek osasunerako arriskuak dituzte: birikei eragin diezaiekete, mendekotasuna sortu dezakete eta epe luzera kalteak ekarri.

Kanpainak, gainera, produktu horien inguruan erabiltzen diren marketin-estrategiak ere jarri ditu jomugan. Zapore deigarriak, diseinu modernoak eta kolore biziak nerabeak eta gazteak erakartzeko erabiltzen direla salatu dute, kontsumoaren benetako arriskuak lausotuz.

Uribe Kostako Mankomunitateak gogorarazi du bapeagailuen erabilera ohiko tabakorako sarrera izan daitekeela, eta horregatik beharrezkotzat jo du gazteen artean informazioa eta pentsamendu kritikoa sustatzea. Informazio gehiago gura dutenek isdeco.prebentzioa@uribekosta.eus helbidera idatzi edo 94 676 26 74 telefonora deitu dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun