Kakarraldone

Itsasadar ahaztua

Iñaki Larretxi Gallastegi eta Luka Melendez Arteaga 2026ko ekainaren 10a

1734ko Abra irudikatzen duen planoa, nasa berri batzuk eraikitzeko proiektuaren harira. © KULTURA MINISTERIOA

Mende luzetan, Ibaizabalen itsasadarrean esku-hartze handiak egin dira bertako nabigagarritasuna hobetzeko; hala nola ubidea kanalizatu, hareatzak dragatu eta padurak idortu. Edonola ere, bokaleari lotutako ondare historiko, kultural eta naturala oso nabarmena da eta gogora ekarri beharra dago.

Lehenik eta behin, bokalean “Portugaleteko Barra” izeneko harea-formazio luzea zegoen, ontzien joan-etorria zeharo oztopatzen zuena eta sarritan naufragioak eragiten zituena. Izan ere, itsasbeheran posiblea ei zen bokaleko hareatzetatik alderik alde oinez ibiltzea. Hori zela eta, XVIII. eta XIX. mendeetan etengabeko obrak bultzatu ziren itsasadar guztian zehar bokalean nabigagarritasuna hobetzeko; dena den, lanen arrakasta mugatua izan zen Evaristo Churruca ingeniariak 1881ean gakoarekin asmatu zuen arte. Bada, garaiko usteen arabera, Barran sedimentu gehiegi metatuz gero, Bilboko hiribilduak Aro Modernoan zehar eskuratu zuen garrantzia komertziala desagertzeko arriskua zegoen.

Mendeetan zehar, Abrako pilotu lemanek (aldirietako itsasgizon gaituak zirenak) bokalean barrena gidatu zituzten kanpotik etorritako ontziak, hareatzetan gertatutako istripuak ekiditeko asmoz. Hala ere, naufragioak gertatzen zirenean liskar handiak egoten ziren eragile ezberdinen artean, galdutako karga baliotsuak zirela eta. Adibide moduan, 1749ko neguan Nuestra Señora de la Paz ontzia Barran hondoratu zenean, inguruko herrietako lagun asko bertaratu egin ziren merkantziak eurenganatzeko asmoz. Egoeraren aurrean, Bilboko zenbait merkatari kaltetuk salaketa aurkeztu zuten. 1805. urtean, bestetik, Santiago de Echaniz kontramaisuak eta Antonio de Basagoiti getxoztarrak Manuel de Berreteaga leioaztarra jipoitu zuten, azkena hondoratutako ontzi baten harrapakinak jagoten ari zenean Areetako hareatzan. Bitxikeria gisa, Leioako Aketxe auzuneko sehaska-kanta batek horrela zioen:

Zori onean galdu da

Ereagan ontzie

aketxatarrak jantziteko

lorazko jantzie.

Gainera, hareatzak formazio geologiko dinamiko eta konplexuak izanik, zaila izaten zen beraien gaineko jurisdikzioak zehaztea, 1717ko Getxoko eta Leioako elizateen arteko auzi batek erakusten duen moduan.

Hareatzen magnitudean pentsatzea zaila den arren, azken mende eta erdian eragindako aldaketa sakonekin ezinezkoa litzateke estuarioko sistemak osotasunean lehengoratzea. Zorionez, oraindik jatorrizko hezegunearen azalera txiki batek dirau Leioako Lamiako auzoaren parean. Xumea eta eskasa ere iruditu arren, Ibaizabalen bokalean geratzen den padura bakarra da eta hegazti ugarik erabiltzen dute egunerokotasunean edota migrazioko geldiuneetan, bazkaleku eta babesleku gisa.


"A Draught of the Coast of Biscay". © GABRIEL BALDWIN, 1739

Ibaizabal, Gobela, Udondo, Galindo, Asua eta Kadagua ibaien itsasadar elkartua konplexutasun geologikoko eta aberastasun biologikoko sistema erraldoia zen, XIX. mendean paisaian sakonki eragin zuten giza aldaketek habitatak eta prozesuak sinplifikatu zituzten arte.

Gaur egun mareen eragina Abusu-La Peñan ere somatu daitekeen arren, itsasotik 15 km barnealdera, duela bi mende beraien eragina ardatz perpendikularrean ematen zen ere; hots,  itsasadarra inguratzen zuten padura-azalera handiak egunean bitan ureztatzen ziren.

Itsasoarekiko eta bokalearekiko gertutasunaren arabera habitat ugari aurkitu zitezkeen, kanpoaldeko sistema dunar dinamikoetatik (gaur egungo Areetan) barnealdeko gazitasun txikiko hezeguneetaraino (adibidez, Boluekoa), tarteko gradiente guztiarekin. Edonola, hein txikiagoan gizakiak esku-hartutako paisaia zen orduan ere, eta sisteman zehar arrunta zen egitura antropikoak aurkitzea; hala nola kaiak, marea-errotak, polderrak, etab.

Espero daitekeenez, habitat ezberdin horiei lotuta basabizitza ikaragarri oparoa egon zen: aingirak, ahateak, kuliskak, txirriak, kurlintak, karramarroak, izurdeak, itsas txakurrak…

Gaur egun, antzinako paisaia horren laginen parekoak ikusi nahiko bagenitu, Santoña, Muskiz, Gorliz, Urdaibai edo Txingudi moduko lekuetara hurbildu beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun