Daborduko zabalik dago gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea Uribe Kostan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 10a

Lehen aldiz laguntza eskatu gura dutenek hitzordua hartu beharko dute aldez aurretik.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2026ko gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Eskaerak urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.

Laguntza horiek egoera ekonomiko zailean dauden pertsona eta familiei zuzenduta daude, ohiko edo ezohiko funtsezko gastuei aurre egin ahal izateko. Besteak beste, alokairua, hipoteka, hornidurak, elikadura, oinarrizko altzariak edo sistema publikoak estaltzen ez dituen osasun-tratamenduak ordaintzeko erabil daitezke.

Aurten, Mankomunitateak 525.445 euro kudeatuko ditu, Eusko Jaurlaritzak esleitutako zenbatekoaren bidez. Laguntza horiek ez dira aldizkako prestazioak; behar jakin batzuei erantzuteko dirulaguntzak dira.

Eskaerak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: aurrez aurre, erroldatuta dagoen udalerriko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela edo Urduliz), edo telematikoki, Uribe Kostako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez.

Lehen aldiz laguntza eskatu gura dutenek hitzordua hartu beharko dute aldez aurretik. Informazio gehiago jasotzeko, interesdunek 946 762 674 telefonora deitu, cita@uribekosta.eus helbidera idatzi edo Mankomunitatearen egoitzara jo dezakete, Sopelako Gatzarriñe kaleko 4. zenbakira, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara.

Mankomunitateak gogorarazi du laguntza horien helburua gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzea eta herritar guztiek oinarrizko premiak asetzeko aukera izatea dela, bizi diren udalerria edozein dela ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun