Ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxara joateko autobusa antolatu dute Uribe Kostan

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 11

Euskalgintzaren kontseiluak euskaltzaletasuna indartzeko eta "euskaraz bizitzeko behar dena" aldarrikatzeko martxa egingo du zapatuan Iruñean. © KONTSEILUA

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ekainaren 13an milaka euskaltzale biltzea aurreikusi dute Iruñean, Euskaltzaleon Martxa izeneko mobilizazioan. Antolatzaileen arabera, azken urteetako datu eta ikerketek euskararen etorkizunaren inguruko kezka eta larritasuna agerian utzi dute, eta horri erantzuteko "euskararen biziberritzearen aldeko bultzada" eman gura diote. Eskualdeko hainbat elkartek martxa horretara joateko autobusa antolatu dugu, zapatuan bertan, 10:00eta Gorlizetik abiatuta; izen-ematea lotura honetan egin daiteke.

Kontseiluak zabaldu duen mezutik ondorioztatzen denez, martxak hiru aldarri nagusi izango ditu: Euskal Herri osoan ofizialtasuna (Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna, Nafarroan zonifikazioa gainditzea eta euskararen normalizaziorako oinarri juridiko sendoagoa), hizkuntza politiketan jauzi bat (euskararen ezagutza orokortzeko eta erabilera normalerako baldintzak sortzeko neurriak) eta euskaltzaletasuna bera indartzea, egunerokoan euskaldun gisa jokatzearen garrantzia azpimarratuta.

Egitarauari dagokionez, arrastian egingo dute mobilizazioa: 17:00etan hiru zutabe abiatuko dira Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, eta, ondoren, Gazteluko Plazan elkartuko dira; bertan egingo dute 18:00etan ekitaldi nagusia, amaiera berezi bategaz.

Uribe Kostatik joan-etorria egiteko autobusa ere antolatu dute, 20 eurotan. Irteerak honako hauek dira: 10:00etan Gorlizen (Itsasbide/Euskadiko Kutxa), 10:06an Plentzian (metro geltokia), 10:15ean Urdulizen (metro geltokia/batzokia), 10:30ean Algortan (Telletxe 2ko markesina) eta 10:40ean Leioan (Elexalde, Sakoneta, Piruli). Erandiotik 10:50ean irtetea aurreikusi dute, ordutegia zehazteko dagoela ohartarazita. Itzulera, berriz, 20:00etan izango da. Informazio gehiagorako, antolatzaileek harremanetarako helbide hau eman dute: bagaranorgetxo@gmail.com.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun