Artaza-Romoko irakasleek segurtasun-bermeak eskatu dituzte itsasadarraren azpiko tunelaren obren aurrean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 11

Oraingoz Hezkuntza Sailak ez dio gutunari erantzunik eman.

Leioako Artaza-Romo BHIko 60 irakasle baino gehiagok idazki bat bidali diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, itsasadarraren azpiko obrek ikastetxean izan dezaketen eraginaren inguruko informazioa eta segurtasun-bermeak eskatzeko. Sinatzaileek klaustroaren %60 baino gehiago ordezkatzen dute.

Irakasleek azaldu dutenez, azken hilabeteetan informazio kontrajarriak jaso dituzte. Hasieran, jakinarazi zitzaien Artaza-Romoko eraikin nagusia itxi egingo zela obren ondorioz, eta ikasleen zati handi bat Lamiakoko eskolara lekualdatu beharko zela. Ondoren, erabakia ikastetxearen esku egongo zela adierazi omen zitzaien, eta azken komunikazioan, momentuz ez zela lekualdaketarik aurreikusten jakinarazi zieten. Hala ere, joan den astean prentsan berriro agertu zen ikasleak mugitu beharko liratekeela.

Egoera horrek kezka sortu du irakasleen artean. Haien esanetan, obrek eragina izan dezakete ikasleen eta langileen segurtasunean eta osasunean, baita hezkuntza-jarduera normaltasunez garatzeko aukeran ere. Bereziki aipatu dituzte sakonera handiko indusketak, makina astunen joan-etorriak, lur-mugimenduak, zarata, bibrazioak eta balizko leherketak.

Irakasleek arreta berezia jarri dute ikasle zaurgarriengan izan dezakeen eraginean. Besteak beste, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eta arnas edo bestelako osasun-arazoak dituzten pertsonak aipatu dituzte. Era berean, laborategiko jarduerak, ebaluazioak, proba ofizialak eta ikastetxean ematen diren hezkuntza-modalitate guztiak normaltasunez garatzeko aukerari buruzko zalantzak erakutsi dituzte.

Horregatik, Hezkuntza Sailari eskatu diote txosten tekniko arrazoitu eta idatzi baten bidez argitzeko ea egungo eraikina eta haren ingurua egokiak diren obrek irauten duten bitartean jarduera akademikoa bertan mantentzeko. Jarduera ikastetxean bertan mantenduz gero, zarata, bibrazio eta airearen kalitateari buruzko aurreikuspenak, segurtasun- eta larrialdi-protokoloak, neurri zuzentzaileak, irisgarritasun-planak eta osasun-bermeak aurkezteko eskatu dute.

Bestalde, ikasleak aldi baterako beste ikastetxe batzuetara lekualdatzea beharrezkoa balitz, Hezkuntza Sailak destino-zentroak, lekualdaketaren iraupena, kokaleku berrien baldintzak eta hezkuntza-kalitatea mantentzeko bermeak zehaztea eskatu dute.

Irakasleek nabarmendu dute hezkuntza-komunitateak informazio "osoa, gardena eta behar bezain zehatza" jaso behar duela edozein erabaki hartu aurretik. Haien ustez, ikasleen hezkuntzarako eskubidea eta ikasteko baldintza seguruak bermatzea lehentasuna izan behar da itsasadarraren azpiko tunelaren obren inguruko edozein erabakitan.

Momentuz, irakasleek adierazi dute Hezkuntza Sailak ez diola gutunari erantzunik eman.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun