EH Bilduk gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiaren azterlanek 2048rako ibilgailu pribatuaren erabilera %33 handitzea aurreikusten dutela. Koalizioaren arabera, horrek are gehiago zailduko luke Getxo, Sopela, Plentzia edo Gorliz bezalako udalerrietan daborduko antzematen den trafiko eta pilaketa egoera.
Horren adibide gisa, aurtengo hondartza-denboraldiko lehen domekan Bizkaiko kostaldean izandako kolapso egoerak aipatu ditu. Tenperatura altuek milaka lagun erakarri zituzten kostaldera, eta trafiko arazo handiak sortu ziren. EH Bilduren esanetan, Gorlizko aparkalekuak goizeko 09:00ak baino lehen bete izana eskualdeak jasaten duen presioaren inguruako adierazgarria da.
"Deialdi-efektua" salatu dute
Koalizioak kritikatu du Aldundiak tunela Rontegiko zubiko pilaketak arintzeko irtenbide gisa aurkezten duen bitartean, proiektuaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenak berak aitortzen duela azpiegiturak "deialdi-efektua" izango duela; hau da, trafiko gehiago erakarriko duela.
EH Bilduren arabera, aurreikuspenek erakusten dute tunelak eguneko 54.000 ibilgailu hartuko dituela 2028an, eta kopuru hori 62.000ra igoko dela 2048rako. Horregatik, zalantzan jarri du azpiegituraren erabilgarritasuna, batez ere kontuan hartuta bidaia-denboran aurreikusten den aurrezpena hamar minutukoa dela.
Garraio publikoaren aldeko apustua
Tunelaren ordez, EH Bilduk mugikortasun jasangarria indartzeko neurriak lehenestea proposatu du. Horien artean daude Metro Bilbaoren maiztasunak handitzea Uribe Kostan, aireporturako eta Parke Teknologikorako loturak hobetzea, metroaren zenbait tarte lurperatzea edo bidegorri sarea zabaltzea. Era berean, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztuko duten garraio publikoko alternatibak sustatzearen alde agertu da.
Koalizioaren ustez, egungo testuinguru klimatikoan lehentasuna ez litzateke autoaren erabilera sustatuko duten azpiegiturak eraikitzea izan behar, herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen eta ingurumen-inpaktua murriztuko duen mugikortasun eredua garatzea baizik.