Txuma lasterketak kadete mailako 41 talde batuko ditu aste-akabuan Leioan, Berangon eta Erandion

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 26a

Aste-akabuan Txuma txirrindularitza lasterketa egingo dute eskualdeko hainbat udalerri zeharkatuko dituena. © LEIOAKO UDLA

Kadete mailako estatuko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da aste-akabu honetan Uribe Kostako errepideetan: XIII. Txuma lasterketa. Baque Elkar Kirolak taldeak antolatuta, eta Leioako, Berangoko eta Erandioko udalen laguntzagaz, 41 taldek parte hartuko dute hiru etapako proban; horren ondorioz, trafikoan mozketak puntualak egongo dira ibilbideak zeharkatuko dituen guneetan.

Proba barikuan, ekainaren 26an, hasiko da Leioan, 18:00etan. Txirrindulariak Elexaldetik abiatuko dira, eta 56,5 kilometroko zirkuitua osatu ondoren, helmuga ere Elexalden izango dute. Lehen etapa amaitzean maillotak banatzeko ekitaldia egingo dute bertan.

Bigarren etapa zapatuan izango da, ekainaren 27an, Berangon. Irteera 11:00etan egingo dute, eta parte-hartzaileek 63,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Simon Otxandategi inguruan kokatutako helmugara heldu aurretik. Aste-akabuko bigarren jardunaldiak sailkapen nagusia argitzen hasteko balioko du, azken eguneko etapa erabakigarriaren atarian.

Azken etapa domekan jokatuko da, ekainaren 28an, Erandion. Txirrindulariek 58 kilometroko ibilbideari aurre egingo diote, eta bertan erabakiko da aurtengo Txumaren irabazlea. Helmuga Txuma kalearen inguruan kokatuko dute, probaren sustatzailearen omenez.

Antolatzaileek nabarmendu dute Txumak hainbat formatu izan dituela urteotan, baina beti helburu berari eutsi diola: harrobiko txirrindularitzaren alde egitea eta etorkizuneko txirrindulariei lehiatzeko aukera eskaintzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun