Kanpainagaz bat egin duten eragileen artean daude Sopelako Kuadrillak eta Larrabasterrako Auzoetxea, Erandioko San Agustin Jai Batzordea, Getxoko Andra Mari Jai Batzordea, Algortako Jai Batzordea edo Itzubaltzeta/Romoko Jai Batzordea, Santa Ana Jai Batzordea, Leioako Maritxu Teilagorri Txosna Batzordea, Hezetasunako Jai Batzordea, Plentziako Jai Batzordea, Armintzako Jai Batzordea eta Itxas Argia taldea (Aixerrotako paellak), besteak beste. Halaber, Plentziako txosnek eta Portu Zaharreko txosnek ere atxikimendua adierazi dute.
Khalas Palestina - Uribe Kostak jai eta txosna batzordeei bidalitako agirian lau konpromiso nagusi proposatzen ditu. Horien artean daude jai-guneetan Palestinaren aldeko mezu eta ikurrak zabaltzea, Coca-Colaren ordezko edariak erabiltzea, Palestinaren aldeko produktuen zozketa baten bidez diru-bilketa egitea eta Palestinaren aldeko elkartasuna jaietan ere agerian uztea.
Horrez gain, kanpainagaz bat egin duten eragileek sinatutako adierazpenean Palestinaren aldeko jarrera erakusteko eta Israelen jarduna salatzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, zenbait enpresa eta merkataritza-kateri boikota egiteko deia ere egin du taldeak, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko neurri gisa.
Khalas Palestina - Uribe Kostaren esanetan, helburua udako jaiak ere elkartasunerako eta salaketarako espazio bihurtzea da, eta horregatik deia luzatu diete oraindik bat egin ez duten jai eta txosna batzordeei ere kanpainagaz bat egin dezaten.