Kuadrillak, kontzertuak, txosnak eta herri-bazkariak dira udako festen protagonistak. Iraganean, aldiz, festek bestelako esanahi bat zuten eta komunitatea antolatzeko, harremanak egiteko, boterea erakusteko eta herri bakoitzaren nortasuna indartzeko hitzorduak ziren.
Gaur egun, jaiak aisialdiagaz lotzen dira batez ere, lehen, ostera, herriaren bizitza osoa zeharkatzen zuten. Meza nagusia, prozesioa, agintarien presentzia, erromeria, bazkaria, dantzak, azoka, ganadua, itsasoa... Elizak markatzen zuen erritmoa eta herriaren ospea ere zegoen jokoan. Santuen egunak, baselizen inguruko erromeriak eta patroiaren ospakizunak ziren urteko mugarri nagusiak: San Pedro Sopelan, San Juan Leioan eta Barrikan, Santa Marina Sopela eta Urduliz artean, San Nikolas Algortan, San Isidro Getxoko Andra Mari inguruan, San Antolin Plentzian, San Lorentzo eta San Agustin Erandion, Karmengo Ama Armintzan, Santiago eta Andra Mari Gorlizen edo Santa Ana eta Santo Domingo Berangon... Herri eta auzo bakoitzak bere eguna zuen, baina egitura antzekoa zen gehienetan: goizean diana edo txistulariak, ondoren meza nagusia, prozesioa edo bedeinkapena, agintarien aurreskua eta, arrastian, erromeria.
Gurean, Santa Marinako jaiak dira antzinako eredu horren ispilu eder bat. Sopela eta Urduliz arteko mugan, haitzen gaineko ermitaraino igotzen dira oraindino herritarrak prozesioan. Mezaren ostean, Sopelako Udalak harrera eskaintzen die herritarrei. Lehen, hamaiketako xumea zen: ardo zuria eta galletak, baina esanahi handikoa, udalaren eta herritarren arteko harremanaren erakusgarri abitzen. Gero, agintariek eta udal-langileek bazkaria egiten zuten landan. Ohitura zahar hark, ordea, eztabaida politikoak ere piztu zituen Errepublikaren garaian: jaietako gastuek, bazkariek eta elizkizunetara joateko moduek ez baitzuten esanahi bera guztientzat. Izan ere, XX. mendearen hasieran, jaiak politizatzen hasi ziren, eta joera hori indartu egin zen Bigarren Errepublikan. Berbarako alderdi politikoek trena erabiltzen zuten herritarrak euskal jaietara eta batzokien inaugurazioetara mobilizatzeko; Plentziako Batzokiaren irekierarako, adibidez, tren bereziak antolatu zituzten. Meza, mitina, musika, ezpata-dantza, sokatira eta erromeria elkarren ondoan agertzen ziren. Herri-kultura, folklorea eta politika kate berean josten ziren, eta jaiak nortasun nazionalaren erakusgarri ere bihurtu ziren.
Eskualdean trenbidea martxan jarri zenean, 1893tik aurrera, ospakizunek beste dimentsio bat hartu zuen. Ospakizunen egunetan, udalek tren bereziak eskatzen zituzten inguruko herrietako jendea ekartzen zutelako prezio merkeetan, eta horrek erromeriak handitu eta masifikatu zituen. Ordura arte oinez, gurdiz edo gertuko auzoetatik egiten zen joan-etorria errazago bihurtu zen.
Baserri-giroa nagusi. Iraganean, jaiak, neurri handi batean, baserri-munduari lotuta zeuden. Adibidez, abereak bedeinkatzeko ohitura zegoen, baserriko ekonomiaren eta biziraupenaren erdigunean baitzeuden, ospakizunak ez zuen soilik kutsu erlijiosoa: eguneroko lanari eta etxeko ongizateari lotutako erritua zen. Hainbat adibide ditugu gurean, besteak beste, Getxoko San Isidro jaietan baserritarren munduaren inguruan antolatzen zen, eta Andra Mariko Aingeru Guardakoaren baselizaren inguruan egiten ziren ospakizunak. Ganadu-feria, herri-bazkariak, dantzak, idi-probak eta pilota ziren eguneko osagai nagusiak. Getxo gaur egun sarritan itsasertzari eta hiri-garapenei lotuta irudikatzen bada ere, jai horiek gogorarazten dute Andra Mari inguruan baserri-giroak pisu handia izan zuela garai batean.
Eskualdean, itsasoak ere bere jaiak zituen, noski. Algortako Portu Zaharrean, San Nikolas marinelen zaindaria zen, eta haren omenezko ospakizunak Usategi inguruan egiten ziren. Algortako marinelen kofradiak protagonismo handia zuen egun horietan. Portuko eta itsasoko bizimodua gogorra zen, eta jaiak babes-eskaera, oroimen eta komunitatearen erakusgarri bihurtzen ziren. Armintzan eta Plentzian ere Karmengo Amaren egunean, itsas prozesioa hunkigarria egiten jarraitzen dute gaur egun ere: itsasorazten dute, eta loreak eskaintzen dizkiote hildako marinel eta senideen omenez. Plentzian ere, San Antolin jaiak herriaren izaera marinela eta merkataritzakoari lotuta garatu ziren, itsasadarraren, azokaren eta erromeriaren bueltan.
Erromeria: jaietako bihotza. Jaietako musika-emanaldietan egiten zuten topo baserritarrek, marinelek, auzoetako gazteek, familiek eta kanpotik etorritako bisitariek. Dantza egiteko, elkar ikusteko eta bikotekidea aurkitzeko gune garrantzitsua zen. Gaur egungo ikuspegitik xaloa dirudien arren, erromeriak tentsio sozial handiko lekuak ere baziren: nor nogaz dantzatzen zen, zenbat hurbiltzen ziren gorputzak, zein musika jotzen zen eta zein ordutara arte luzatzen zen jaia ez ziren kontu hutsalak. Dantzan egiterakoan gehiegi hurbiltzeak kezka handia sortzen zuen Elizaren eta sektore tradizionalisten artean; lizuna edo euskal ohituren kontrakoa zela esaten zuten batzuek.
Gainera, gazteek musika arrotza entzuten dutela esatea ere ez da gaurko kontua. Esaterako, pianilloa edo biraderadun pianoa heltzen hasi zenean, askok modernitatearen eta dibertsio errazaren ikur gisa hartu zuten; beste batzuek, ordea, gazteria "usteltzera" zetorren tresna arrotz eta itsusitzat jo zuten. Sopelan, 1920 inguruan, San Pedro jaietan pianilloa debekatzeko erabakiak eztabaida piztu zuen. Jaia "zibilizatzea" edo "garbitzea" aipatu zuten.
Gaur bezala, antzinako jaietan ere kontraesan asko pilatzen ziren. Hala ere, gaur egun gertatzen den bezala, jai-egunak ez ziren egutegiko etenaldi bat soilik, urteko une berezienetako bat ziren, eta askotan, herrien, auzoen, baserrien eta familietan izaera kolektiboaren erdigunean zeuden. Gainera, gaur egun gertatzen den bezala, ospakizunerako harremanak sortzeko eta, nola ez, dibertitzeko hitzorduak ziren.




