Nondik sortu zen ideia?
Ba modurik inozoenean. Bazkari batean, txoko batean, norbait abesti bat kantatzen hasi zen, beste batek beragaz bat egin zuen, gero beste abesti bat etorri zen... Beste batek esan zuen, "orain ondo etorriko litzaiguke gitarra bat". Gitarra agertu zen. Beste kanta batzuk etorri ziren ostean, eta, afaltzera zetozenentzako txokoa utzi behar, eta "taberna batera joan eta jarraitu egingo dugu". Tabernan kantatzera animatu ziren ezezagunak zeuden. "Tabernaz aldatu beharko da, ezta?". Jendeak jarraitu egin gintuen eta gehiago batzen joan ziren... Itzela izan zen!
Hortik aurrera, hiru hilabetero geratzen hasi ginen, aldi bakoitzean herri eta txoko desberdinean. Eta bitartean, "nik badut lagun bat honekin gozatuko lukeena". Eta norbaitek aurretik joan gabeko beste txoko bat ezagutzera gonbidatzen gintuzten. Gaur arte. 26 lagun eta 26 urte.
Taberna bat baino gehiago zarete: kultur gunea, harremanetarako tokia... Zein da zuen helburu nagusia?
Asko izan leikez, baina modu batera edo bestera, horiek behintzat bai. Lehenik eta behin: ondo pasatu eta gustuko duguna egiten benetan gozatu, kultura sustatzen eta euskara bultzatzen gure aletxoa jartzen dugula jakinda. Eta, gainera, ikusten dugunean jende asko hurbildu eta dibertitzen dela eta guk beste gozatzen duela, esan dezakegu misioa bete dugula.
2000. urtetik. "Batzuetan errazagoa eta beste batzuetan konplikatuagoa izan da, baina urte hauek deskribatzeko hitz bakarra erabili beharko bagenu, zoragarria izango litzateke hori. Hori bai, 26 urte oso azkar pasatu direla esan genezake, ez direla luze egin, ezta gutxiagorik ere"
Zuen ustez, gaur egun halako topagune informal eta herrikoiak gehiago falta dira?
Ez da erraza. Beste gauza guztietan bezala, eremu publikoa erabiltzen duenak erne egon behar du eta begirunea izan behar du besteekiko, bere ideia edo hobby edo dena delakoarekin bat ez datozenekin. Gainera, horrelako zerbait daukazunean, konpromiso pixka bat jarri behar zaio kontuari. Oinarri horrekin, pertsona desberdinen artean edozer partekatzeko espazioak, modu natural batean sortzen dira eta gizartearentzat positiboak izango da beti horrelakoak edukitzea.
Nolakoa da kalean, oholtzarik gabe, zuek egiten duzuen moduan musika egitea?
Eszenatokiak bere abantailak ditu, baina jendearengandik baztertzen zaitu, eta gure helburua, hain zuzen ere, jendearekin integratzea eta abestuz jendeak gurekin bat egitea da, denok ondo pasatzeko. Jendea benetan hurbiltzen zaigula da onena, kantatzeaz gain, hitz egiten digutelako, galdetu egiten dutelako... Saihestu beharreko gauza bakarra da norbaitek estropezu egin eta zerbait haustea, baina oso arraroa da horrelakorik gertatzea. Oro har, jendea oso ondo portatzen da beti.
Zuen programan ikusi dugu eskualdetik ez zaretela arituko uda honetan, hori oraindino aldatu daiteke?
Oraingoz, uste dut Getxon bakarrik izango dela, urtero bezala, abenduaren 23an, Gabonetan. Gure jarduerak ixteko moduagatik, baliteke emanaldi gehiago izatea, baina ezin ziurtatu. Ekitaldi baterako norbait gurekin harremanetan jartzen denean, ekitaldian parte hartzeko agenda librea duten kideak adituten ditugu, eta, betiere, gutxieneko pertsona-kopurua baldin badago, saioa aurrera doa. Beraz, bai, aukeratutako egunean gutxieneko jende kopuru bat badugu, programa aldatu daiteke oraindino.