Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea

Naiara Barrado: "Segundo batzuk izango dira, baina oso bereziak"

Ander Zarraga 2026ko uztailaren 9a

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea bete-betean ikusi ahal izango da Uribe Kostako itsasadar eta mendietatik.

Abuztuaren 12an, eguzki-eklipse totala ikusteko aukera egongo da Euskal Herriko hainbat lekutatik. Fenomeno berezi horren inguruan hitz egin dugu Naiara Barrado EHUko astrofisikariagaz. Eklipseak nola gertatzen diren, non eta nola ikusi beharko diren, zer neurri hartu behar diren eta halako fenomenoek zientziari eta dibulgazioari zer ekarpen egiten dioten azaldu digu.

Abuztuaren 12an eguzki-eklipse totala egongo da. Zer ikusiko dugu egun horretan?

Ilargia Eguzkiaren aurrean jarriko da, eta une batez Eguzkia guztiz estaliko du. Hori da eguzki-eklipse total bat. Eklipse totaletan, Eguzkia guztiz estalita geratzen denean, une oso berezi bat sortzen da: zerua ilundu egiten da, Eguzkiaren koroa ikus daiteke eta gure inguruan ere aldaketak sumatzen dira.

Ilargia, Eguzkia eta Lurra etengabe ari dira gurutzatzen, baina horrelako eklipseak oso gutxitan gertatzen dira, zergatik?

Jende askok galdetzen du hori: Ilargia hilero pasatzen bada Lurraren inguruan, zergatik ez dago eklipse bat hilero? Arrazoia da Ilargiaren orbita ez dagoela guztiz plano berean Lurraren eta Eguzkiaren orbitarekin. Apur bat inklinatuta dago, bost gradu inguruko angeluan. Eskala planetarioan bost gradu asko dira. Horregatik, gehienetan Ilargia Eguzkiaren gainetik edo azpitik pasatzen da gure ikuspegitik, eta ez da lerrokatze perfekturik gertatzen. Eklipse bat izateko, hiru gorputzek oso lerrokatuta egon behar dute.

Euskal Herritik ondo ikusi ahal izango da?

Printzipioz, bai. Kostaldeko hainbat lekutatik ikusi ahal izango da, baina kontuan hartu behar da eguraldiaren menpe egongo garela. Egun horretan lainoa badago, edo lanbroa sartzen bada, ikusteko aukera galdu daiteke. Nik gomendatuko nuke aurreko egunetan eguraldiaren iragarpena ondo begiratzea. Hemen zerua estalita egongo bada, agian komeni da Burgos ingurura edo eguraldi hobea izan dezakeen beste leku batera mugitzea.

Nola ikusi dezakegu eklipsea?

Kontu handiz. Ez da inoiz Eguzkiari zuzenean begiratu behar, oso arriskutsua delako, eta begietan kalte larria eragin dezakeelako. Ez dute balio eguzkitako betaurreko arruntek. Betaurreko berezi homologatuak behar dira; ISO araua duten eklipse-betaurrekoak izan behar dute. Prismatikoak edo teleskopio arruntak ere hondatu daitezke. Baina badaude metodo seguruak. Adibidez, proiekzio bidez egin daiteke: prismatikoak tripode batean jarri, Eguzkirantz zuzendu baina begiratu gabe, eta beste aldean folio edo gainazal zuri batean Eguzkiaren irudia proiektatu. Horrela, Eguzkiaren diskoa eta eklipsearen faseak ikus daitezke. Beste aukera bat kutxa estenopeikoa egitea da: kutxa batean zulo txiki bat egin, Eguzkiari bizkarra emanda jarri, eta barruan sortzen den irudian eklipsea ikusi. Umeekin egiteko oso esperimentu polita da.

"Gure ikerketa-taldean atmosfera planetarioak aztertzen ditugu. Eguzki-sistemako planetekin hasi ginen: Jupiter, Saturno eta horrelako planeta erraldoiekin. Planeta horiek atmosfera oso aberatsak dituzte, haize bortitzak, zurrunbiloak eta fenomeno atmosferiko oso interesgarriak. Ni bereziki Jupiterren atmosferan aritu naiz lanean: Jupiterren haizeak, hodeiak, zurrunbiloak, turbulentziak eta horrelako fenomenoak aztertzen". Naiara Barrado Izagirre, Astrofisikaria, EHUko irakaslea eta ikerlaria.

Beraz, mugitzea aukera ona izan daiteke eklipsea ondo ikusteko?

Bai, guztiz. Honelako eklipse bat ez da egunero ikusi dezakegun zerbait, eta pena litzateke eguraldi txarragatik galtzea. Eguraldiaren arabera erabaki beharko da, baina mugitzea aukera segurua izan daiteke. Nik neuk ere hori egingo dut seguruenik: azken egunetako iragarpenak begiratu eta horren arabera erabaki.

Zenbat iraungo du eklipseak?

Lehenengo kontaktua 19:30 inguruan izango da, gutxi gorabehera; orduan ikusiko da Eguzkiari lehenengo 'koskatxoa' kentzen diola Ilargiak. Ordubete inguru geroago helduko da osotasunaren unea. Hemen osotasuna 30 segundo ingurukoa izango da. Baina prozesu osoa luzeagoa izango da: hasieran, Eguzkia pixkanaka estaltzen joango da, gero osotasuna etorriko da, eta ondoren berriro argia berreskuratuko dugu. Beraz, aurretik ere merezi du begiratzea, baina betiere babes egokiarekin.

Zer ikusiko dugu osotasunaren unean?

Eguzkia guztiz estalita dagoenean, Eguzkiaren koroa ikusiko dugu. Koroa Eguzkiaren atmosfera da, eta normalean ezin dugu ikusi Eguzkiaren argia oso indartsua delako. Baliteke izar edo planeta batzuk ere ikustea. Gainera, inguruan aldaketak sumatuko dira: argia jaisten da, tenperatura ere jaitsi egiten da, eta animalien portaeran aldaketak egon daitezke.

Zientziaren ikuspegitik, eklipseek balio handia dute?

Gaur egun, ikerketari dagokionez, ez dute lehen zuten garrantzia, baina historikoki oso garrantzitsuak izan dira. Lehen, adibidez, Eguzkiaren koroa ikusteko aukera bakarra eklipse total bat izatea zen. Gaur egun kronografoak ditugu, eklipse artifizial moduko bat sortzen duten teleskopio bereziak, eta horiei esker Eguzkiaren koroa ia etengabe ikus dezakegu. Historian, eklipseak esperimentu zientifiko handietarako erabili izan dira. Adibide ezagunenetako bat Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria frogatzeko egindako behaketak dira: eklipse batean izarren posizioak neurtu zituzten, eta argia masa handiko objektu baten ondotik pasatzean kurbatu egiten dela egiaztatu zuten.

Beraz, gaur egun dibulgaziorako aukera handia da batez ere?

Bai, hori da. Guretzat, astrofisikariontzat, egun oso berezia da, baina baita aukera ederra ere zientzia zabaltzeko. Halako fenomeno batek jende askoren arreta pizten duelako, eta hedabideek ere begirada gugan jartzen dutelako. Hori aprobetxatu behar dugu astronomiaz eta zientziaz hitz egiteko. Gainera, edozeinek bizi dezakeen esperientzia da. Ez da teleskopio handi bat edo ezagutza tekniko berezirik behar; babes egokiarekin eta toki aproposean egonda, edonork goza dezake.

Esperientzia aurreikusi. Eklipsea behar bezala prestatzeko, eta nondik eta nola ikusiko den aldez aurretik jakiteko hainbat webgune eta aplikazio daude. Guk https://www.treseclipses.es/eu webgunea aukeratu dugu. Bertan simulazioak eta behategi aproposenak adierazten dira, berak beste.

Eklipseekin lotuta mito eta uste oker asko egon dira historian. Gaur egun ere gertatzen da?

Bai, oraindik ere badaude uste arraroak. Horrelako fenomenoek misterio puntu bat sortzen dute: bat-batean ilundu egiten da, animaliek portaera aldatzen dute, tenperatura jaisten da… Horrek azalpen mistiko edo okerrak sortzeko aukera ematen du. Baina denak azalpen zientifikoa dauka. Ez dago ezer magikorik: Ilargia Eguzkiaren aurrean jartzen da, argia gutxitzen da, tenperatura jaisten da eta inguruko sistema naturalek horri erantzuten diote.

Eklipseen turismoa ere badago, ezta?

Bai, eta nahiko handia da. Batzuek eklipseak jarraitzen dituzte munduan zehar, aurora borealekin gertatzen den bezala. Behin eklipse total bat ikusi duen jende askok beste bat ikusi nahi izaten du. 2027ko eklipsea, adibidez, Egipton oso ondo ikusiko da, eta imajinatu piramideetan eklipse bat ikustea. Horrek turismo astronomikoa mugitzen du, eta hona ere jende asko etorriko da, penintsula izango delako eklipse hau ikusteko leku egokienetako bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun