Akordioa sinatu dute Euskal Herriko osasun-sistemaren antolaketa-eredua aldatzeko

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 21a

Osakidetzak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak hitzarmena sinatzen. © OSAKIDETZA

Osakidetzak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) hitzarmena sinatu dute Osasuneko Mahai Sektorialean, medikuen eta fakultatibo espezialisten lan-baldintzak hobetzeko neurri zehatzak jasota. Osakidetzaren arabera, helburua da profesionalak erakartzeko eta mantentzeko zailtasunei aurre egitea, eta asistentziaren jarraitutasuna zein kalitatea bermatzea.

Adierazi dutenez, hitzarmen "historikoa" sinatu dute osasun-sistemaren antolaketa-eredua aldatzeko bidean. Akordioak medikuen kolektiboari zuzendutako neurri espezifikoak jasotzen ditu, euren lanbide-jardunaren baldintzak hobetzeko eta osasun-sistema publikoaren iraunkortasunari erantzuteko.

Osakidetzak azaldu duenez, azken urteotan "zailtasun bereziak" egiaztatu dituzte langile medikoak eta fakultatibo espezialistak erakartzeko eta fidelizatzeko. Horregatik, planteatutako neurriek plantillen egonkortasuna, asistentzia-jarraitutasuna eta herritarrei ematen zaien arretaren kalitatea indartzea dute helburu.

Akordioak hainbat arlo jaso ditu: guardia medikoen erregimena eta horien librantza-sistema, produktibitate finkoko eta aldakorreko osagarriak, Lehen Mailako Arretako hobekuntzak eta aitorpen profesionalari lotutako neurriak, laguntza-helburuak betetzeagaz batera. Horrez gain, jarraipen-batzorde paritario bat eratuko dute, hiru hilean behin biltzeko eta neurriak zenbateraino betetzen diren aztertzeko.

Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, akordioa ez da "asmo-adierazpen soil bat", baizik eta konpromiso zehatzak, egutegiak eta jarraipen- zein kontrol-mekanismoak jasotzen ditu. Era berean, Osakidetzak azpimarratu du proposamenak ez dituela beste kolektibo batzuentzako hobekuntzak baztertzen edo mugatzen, eta gainerako profesionalen behar espezifikoak lantzeko negoziazio-espazioak zabalik daudela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun