Txostenaren arabera, eskariaren zutabe nagusiak etxebizitza-gastuak (alokairua eta mantentze-lanak) eta oinarrizko beharrak izan dira. Azken horietan eman da hain zuzen ere gastuaren igoerarik nabarmenena, kontsumo-ondasun oinarrizkoenak eskuratzeko zailtasunak handitu direla islatzen duena, Mankomunitatearen esanetan. Ostera, energia elektrikoaren laguntza-eskaeretan beheranzko joera finkatu dela azaldu dute, bonu sozial elektrikoari esker familia askok ez dutelako kontzeptu horretarako GLLen dependentzia handirik izan.
Txostenak Sopela kudeaketa-bolumenaren buru dela erakutsi du, 172.641,19 €-ko inbertsioarekin eta 290 kontzeptu-eskaerarekin. Ondoren, Berango, Gorliz eta Urduliz daude, eta azkenik Plentzia, Lemoiz eta Barrika, zifra baxuagoekin. Guztira, 687 eskaera izapidetu dira urtean zehar, eta mantentze-gastuak (ura, aseguruak, komunitatea) izan dira ohikoenak, 213 kasurekin.
Mankomunitatetik kezka adierazi dute indarkeria matxistaren gorakadagatik. Izan ere, azken bost urteetako datuek kasuen goranzko joera erakusten dute: 2020an 18 kasu erregistratu ziren bitartean, 2025ean 32 kasura igo da kopurua. Honen aurrean, Mankomunitateak zerbitzu espezializatuak indartu ditu: Aholkularitza Soziojuridikoa, Arreta Psikosoziala eta Gizarte- eta Hezkuntza-interbentzioa.
Mankomunitateko arduradunek gizarte-zerbitzuen esku-hartzea laguntza ekonomikoetatik haratago doala gogorarazi dute, eta arreta integralaren aldeko apustua egiten dutela baieztatu dute.
Memoria osorik dago eskuragarri Mankomunitatearen webgunean.