Gorlizko eta Plentziako Udalek azken eraso matxista salatu dute

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 3a

19:00etan elkarretaratuko dira gertatutakoa salatzeko. © PLENTZIAKO UDALA

Gaur, 19:00etan, Sorginen Alabak talde feministagaz, Plentziako portuan elkartuko dira, Gorlizen gertatutako azken eraso matxista salatzeko eta ez dutela emakumeen aurkako "inolako indarkeriarik" onartuko ohartarazteko.

Plentziako eta Gorlizko Udalek adierazi duten moduan, elkarretaratzeagaz erregistratutako eraso matxistaren aurrean euren gaitzespenik irmoena eta biktimari babesik zintzoena adierazi gura diote. Aldi berean, emakumeak kontrolatu eta menperatu nahi dituzten jarrera eta ideia matxista guztiak arbuiatzen dituztela azpimarratu dute; eta argi utzi nahi izan dute ez dutela emakumeen aurkako "inolako indarkeriarik onartzen".

Ildo horretan, nabarmendu dute indarkeria matxista ez dela ekintza isolatuen multzo bat, baizik eta gure gizartean presente dagoen "egiturazko sistema baten parte" dela. Hau da "emakumeak kosifikatzen dituen sistema bat, normalizatu ditugun mezu, jarrera eta jokabideez elikatzen dena, eta sexu-desberdintasuna eta gizonek emakumeen gain duten boterea eusten laguntzen duena". 

Gertatutakoa salatzeko, Sorginen Alabak taldeagaz, arrasti honetan Plentziako portuan elkartuko dira. "Erasotzaileak sutara!" lelogaz, Gorlizen eta Plentzian indarkeria matxistarik ez dutela onartuko ohartarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun