Uribe Kostako Mankomunitateak hizkera inklusiboagoa erabiltzeko eskuliburua zabaldu du

Izaro Garcia

Eskuliburua Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen webgunean deskargatu daiteke.

Berba egiteko edo idazteko moduan egindako aldaketa txikiek ere badute eragina. Ideia horretatik abiatuta, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak hizkera inklusiboa erabiltzeko eskuliburua zabaldu du, eguneroko komunikazioa berdinzaleagoa eta errespetuzkoagoa izan dadin. 

Gidaren helburua ez da hizkuntzara bakarrik mugatzen. Komunikatzeko modu osoan inklusibotasuna txertatzearen garrantzia azpimarratzen du, pertsona guztiak ikusarazi eta inor kanpoan gera ez dadin. Horretarako, hainbat kolektibori zelan zuzendu azaltzen duten adibide praktikoak eta estereotipoak saihesteko tresnak bildu dituzte. 

Eskuliburuak, beraz, egunerokoan erraz aplikatzeko moduko baliabideak eskaini gura ditu. Mankomunitateak nabarmendu duenez, elkarrizketa eta mezuetan egiten diren aldaketa txikiek ere lagundu dezakete pertsona batzuk ikusezin senti ez daitezen eta komunikazio errespetuzkoagoa eraikitzen. 

Ekimena Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuaren lanaren barruan kokatzen da. Izan ere, Uribe Kostako Mankomunitatearen 2026ko dokumentazioan, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista eta inklusiboa berdintasun-politiken barruko lan-ildo gisa jasota dago, IV. Berdintasun Planagaz batera. 

Eskuliburua Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen webgunean deskargatu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun