Ikamak herri eskolak antolatuko ditu urriaren 12an

Izaro Garcia

Ikamak urriaren 12a desobedientziarako egun bihurtzeko deia egin du. © IKAMA

Urriaren 12an ohiko eskolarik ez, baina ikasgelak eztabaidarako eta antolakuntzarako espazio bihurtzea proposatu du Ikamak. Ikasle antolakundeak herri eskolak Euskal Herriko hainbat eskualdetan egingo ditu, "Faxismoaren eta espainolismoaren aurrean, ikasleok desobedientzia!", lemapean.

Ikamak sare sozialen bidez dinamika berria aurkeztu du aste honetan. Antolakundeak egungo testuinguru politikoari buruz egiten duen irakurketatik abiatu du ekimen; hau da, haren arabera, mundu mailan ideia autoritario eta "erreakzionarioen" gorakada gertatzen ari da, eta Frantziako zein Espainiako estatuen nazio-proiektuak bultzatzen dituzten blokeak indartzen ari dira. Era berean, sektore horietatik euskal herritarren eskubideak mehatxatzen dituzten diskurtsoak eta gertakariak datozela salatu du.

Horren aurrean, urriaren 12a desobedientziarako egun bihurtzeko deia egin du ikasle antolakundeak. Egun hori jaieguna izango da 2026-2027 ikasturteko eskola-egutegian.

Herri eskolak eskualdez eskualde antolatuko dituzte. Ikamak aurreratu du espazio horiek eztabaidarako eta politizaziorako baliatu gura dituela, heziguneak hartu eta ikasleen arteko sareak zein antolakuntza indartzeko. Horregatik, Euskal Herriko ikasleei ekimenagaz bat egiteko deia egin die.

Herri eskolak zein herri eta ikastetxetan egingo dituzten eta egun bakoitzerako prestatutako egitarauak datozen asteetan zehaztuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun