Ordutik, car-sharing zerbitzuak bere lekua egin du Uribe Kostako mugikortasun-aukeretan, garraio publikoaren osagarri eta auto pribatuaren erabilera murrizteko alternatiba gisa.
UKANAUTO sortu zutenean, helburua ez zen garraio publikoa ordezkatzea, hura osatzea baizik. Ibilgailu bera pertsona ezberdinen artean partekatzeko aukera eskainita, auto partikularra modu puntualean behar duten herritarrei beste aukera bat eman eta, aldi berean, auto pribatuaren erabilera arrazionalagoa sustatu gura zuten.
Hamabost urteko ibilbidean, erabiltzaileek, udalerriek eta zerbitzuaren kudeaketan aritu diren profesionalek ere izan dute zeresana UKANAUTO sendotzeko orduan. Mankomunitateak haien guztien ekarpena eskertu du, urte hauetan egindako elkarlanari esker proiektuak jarraipena izan duelako eta gaur egun ere Uribe Kostako mugikortasun-aukeretako bat delako.
15 urteko ibilbidea, bideo batean
Urteurrena aprobetxatuta, Mankomunitateak UKANAUTOren 15 urteko ibilbidea biltzen duen bideoa ere prestatu du. Bertan, zerbitzua zelan sortu zen eta zein helburu dituen azaltzeaz gain, urte hauetan proiektuaren parte izan diren pertsonen esperientziak eta ekarpenak gogoratu dituzte.
Bideoa Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen sare sozialetan ari dira zabaltzen. Urteurrenagaz, hasierako helburu berari eutsi gura diotela azpimarratu dute; hau da, Uribe Kostan mugitzeko modu jasangarriagoak sustatzea.
